Maiatzak 20 elkarteak elkartasun merkatua antolatu du Tolosako kultur etxean. Merkatua larunbatetik asteartea bitartean izango da, eta helburua Saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrak udako hilabeteetan desertutik irten ahal izateko finantziazioa lortzea da.
Proiektua Oporrak Bakean ekimenaren baitan, haur saharar talde bat aterpetxe batean harreran hartzea da. Helburua, "gure ingurura etortzen diren haur kopurua mantentzea edo handitzea da, eta azken urte guztietako harrera familien gutxitzeaz kezkaturik ideia hau lantzen hasi gara", adierazi dute elkartetik. "Jada bi urtez jarri dugu martxan aterpetxea, eta txanda bakoitzean 14 haur izan ditugu gure artean", gaineratu dute.
Hirugarren urtez martxan jarri nahi dute proiektua , baina horretarako "guztion laguntza behar dugu". Merkatua, elkarteak aurrera daraman proiektuarentzako finantziazioa lortzeko antolatu dute.
Asteartea bitartean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.