Ez gara merkantzia izenburupean, datorren astelehenean hasiko dira Tolosa Naturaldia 2012 jardunaldiak. Tolosan astelehenetik ostirala bitarte proiekzioak, hitzaldiak eta mahai inguru bat izango dira. Topic zentroan egingo dituzte eta sarrera doan izango da.
Hilaren 28an, larunbatean, bokazio naturalista duten artistek eta taldeek Alkizan sortutako Urmara espazio esperimentalera bisita antolatu dute. Jardunaldien helburua pertsonen bizimoduak planetarengan eta izaki bizidunengan duen eraginari buruzko gogoeta egitea da.
Jardunaldiak atzo aurkeztu zituzten Ainhoa Iraola foru aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak, Hasier de los Rios Tolosako Udaleko Ingurumen, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Shole Martin jardunaldien antolatzaileak. Aldundiaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin, besteak beste, antolatu dira Naturaldia jardunaldiak.
Ainhoa Iraolak azaldu zuenez, «ingurumenaren babeserako benetako politika eraginkorrak» bultzatu nahi ditu foru aldundiak eta horretarako «beharrezkoa da guztion parte hartzea eta kontzientziazioa».
Bide horretan aldundiak oinarrizkoa ikusten du ingurumenaren ezagutza, eta «natur jardunaldiak horretarako tresna oso egokiak dira». Iraolak gaineratu zuenez, «gaur egungo gure bizimodua mantentzeko gure baliabide naturalak nola ustiatzen ditugun ezagutu eta honek arlo sozialean zein ingurumenean zer ondorio dituen ezagutu behar da».
Hasier De los Riosek jardunaldien leloaren inguruan hausnarketa egin zuen: «Gero eta gutxiago dira merkantzia bezala sentitzen direnak, baina oraindik ere baditugu bere garaian tren hori hartu zutenak eta ezin jaitsita daudenak. Tren hori poliki poliki gelditzen doa, abiadura moteltzen doa, behintzat».
Koldo Saratxagaren esaldi bat aipatu zuen ere De los Riosek aurkezpenean: «Garai baten aldaketan gaude, ez aldaketa garai batean». Bestalde, Naturaldiak dagoeneko 23 urte dituela nabarmendu zuen, eta Tolosan horrelako jardunaldiak izateaz «harro» daudela esan zuen. «Gure herriak naturarekin duen harremana garrantzitsua da eta horrela izatea nahi dugu aurrerantzean ere», adierazi zuen De los Riosek.
Araujo-‘Forges’ klasikoa
Tolosan eta Alkizan ez ezik, Zarautzen, Errenterian eta Donostiako Aquariumean antolatu dituzte jarduerak. Tolosan egingo den asteleheneko saioan Jacquelin Gooffert GoodPlanet fundazioaren zuzendaria izango da, eta Yann Arthus-Bertrand zuzendari eta argazkilariaren Home dokumentala aurkeztuko du. «Film horrek, Lurraren biodibertsitatea erakusteaz gain, gizakia planetaren oreka ekologikoaren iraupenerako mehatxua dela azaltzen du», esan zuen Shole Martinek.
Hilaren 24ean, asteartean, jasangarritasun gaietan aditua den Francisco Lozano Winterhalder-ek Natura, oreka, zoriontasuna hitzaldia emango du. Bertan, hizlaria «gizakien eta naturaren artean hain beharrezkoa den oreka eta integrazioari buruz ariko da», azaldu zuen Martinek.
Asteazkenean , hilak 25, beste proiekzio bat emango dute: El plantea libre. Coline Serreauk zuzendariaren komedia futurista bat da filma. «Urrutiko planeta batean, bizimodu xume eta ekologiko bati esker, zibilizazio mailarik gorenera iritsi den gizartea erakusten du pelikulak», argitu du jardunaldien antolatzaileak. Mario Rodriguez Vargas Greenpeace Espainiako zuzendaria emanaldian izango da, ikus-entzuleen galderei erantzuteko.
Hilaren 26rako, mahai ingurua antolatu dute. «Euskaraz izango da eta galdera bati erantzungo diote parte hartzaileek: Bizi kalitatea gutxitu gabe, egokia ote da gutxiagorekin bizitzen hastea?», azaldu du Martinek. Joseba Azkarraga soziologian doktorea, Jose Maria Hernandez Kristina Enea fundazioaren zuzendaria eta Itziar Arkonada Basherri taldeen dinamizatzailea eta Uztaro kooperatibako nekazaria izango dira solasaldian parte hartuko dutenak.
Ostiralean, dagoeneko Naturaldiako klasikoa bihurtu den hitzaldia izango da. Joaquin Araujo idazle eta naturalistak hitz egingo du eta Antonio Fraguas Forges umorista grafikoak marrazkiak egingo ditu. Zerua gure buruen gainera erortzen ari al da? izenburua jarri diote solasaldiari.
Hilaren 28an Alkizan dagoen Urmara gune esperimentalera bisita antolatu dute. Artearen eta naturaren arteko harremanari begiratzen dioten ikerlan eta ekimenak dira Urmararen oinarri. Bisitaldian izango dira egitasmoaren parte diren Koldobika Jauregi, Iñaki Epelde, Juan Barbe eta Iñigo Azpiazu; hauez gain, Joaquin Araujo ere bertan izango da.
Eskualdeko egitaraua
Tolosa
Apirilak 23, astelehena. Topic zentroan, 19:30ean, Yann Arthud-Bertrand-en Home filmaren proiekzioa. Jacqueline Gooffart izango ondorengo solasaldian.
Apirilak 24, asteartea. Topic zentroan, 19:30ean, Natura, oreka, zoriontasuna hitzaldia Francisco Lozano Winterhalder-en eskutik.
Apirilak 25, asteazkena. Topic zentroan, 19:30ean, El planeta libre filmaren proiekzioa. Mario Rodriguez Vargas izango da ondorengo solasaldian.
Apirilak 26, osteguna. Topic zentroan, 19:30ean, mahai ingurua: Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto? Etorkizuneko gizarteaz eta bizieraz izenburupean. Parte hartzaileak: Joseba Azkarraga, Jose Maria Hernandez eta Itziar Arkonada.
Apirilak 27, ostirala. Topic zentroan, 19:30ean, hitzaldia: ¿Está cayendo el cielo sobre nuestras cabezas? izenburupean, Joaquin Araujo eta Antonio Fraguas Forges-en eskutik.
Alkiza
Apirilak 28, larunbata. Urmara gune esperimentalera bisitaldia. 10:00etan elkartuko dira herriko plazan.