Ingelesa ikasteko aukera, bertatik bertara

tolosa 2012ko apirilaren 18a

Behar bada, tolosarren batek ikusiko zituen egun hauetan mutil eta neska gazte ilehori ugari herrian. Larunbatean iritsi ziren Holandatik, Linsburg probintziatik zehazki, eta Sint Ursula institutuko 18 ikasle eta 2 irakasle dira. Orixeko ikasleekin batera ari dira Tolosako eta orokorrean, Euskal Herriko, ezaugarriak ezagutzen, eta bide batez, Tolosako gazteek ingelesa praktikatzeko aukera dute. Tolosarrak urrian izan ziren Holandan, eta orain, beraien txanda izan da.

Orixeko Joserra Zalakain zuzendariordearen eta elkarlaneko arduradunaren hitzetan, bigarren urtez egin dute proiektua. «Helburu bikoitza dugu: beste kultura, aberri bat, ezagutzea, eta ingelesa sustatzea», azaldu du. Linsburg probintzian, gainera, nederlanderaren dialekto moduko bat ere hitz egiten dutela gaineratu du Zalakainek.

Iaz egin zuten lehen aldiz, elkartrukea, eta emaitza oso positiboa izan zen. Aurten, ordea, pasa den urteko akatsak zuzentzeko probestu dute proiektua, eta bi berrikuntza dituzte: «Komunitate birtuala osatu dugu, eta ikasleek parte hartzen dute argazkiak, idatziak... sartuz. Eta honekin batera, aurten, elkartruketik sortzen den ekoizpen guztia plataforma digital batean egongo da», dio irakasleak.

Atzo, Tolosako Udaleko Inaki Irazabalbeitia Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko zinegotziak harrera egin zien udaletxean, eta larunbata bitarte

ekitaldi ugari izango dituzte. Gaur Astigarragako Sagardoaren Etxera joango dira, eta ondoren, Donostiako Alde Zaharra eta San Telmo museoa ikusteko aukera izango dute. Ostiralean Gasteizko katedrala ikusiko dute.

Azalpen guztiak ingelesez izango dira, eta horrela Orixeko ikasleek ere «hizkuntza erreala» ikasteko aukera izango dute, eta «ez liburuetakoa bakarrik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!