Pasa den mendeko bidezidorretik

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko apirilaren 13a

1925ean egin zuten, lehenengoz, egungo XIV Orduak iraupen luzeko mendi martxako ibilbidea. Aralarko Adiskideak elkarteak mendizale haiek omentzeaz gain, jasotako lekukoa eta helburuak mantentzen ditu gaur egun.

Igaro dira jada 87 urte, gaur egun XIV Orduak ibilaldia izenez ezagutzen dena lehenengoz egin zutenez geroztik. 1925. urtean, mendizale talde bat Tolosatik irten zen, Aralarko santutegira heldu, eta atzera berriro Tolosara itzulita, mendi ibilaldia osatuz.

Hamalau pertsona izan ziren mende hasieran ibilbidea egitera irten zirenak, eta gaur egun, 3.000 lagunetik gora izaten dira, mendizaleen olinpiada bilakatu den iraupen luzeko martxa honetan. Hain zuzen ere, XX. mende hasieran Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mendi-bideak zeharkatu zituzten hamalau mendizaleak omentzen ditu egungo XIV Orduak ibilaldiak; Francisco Larrañaga, Eduardo Laborde, Manuel Laborde, Francisco Labaien, Francisco Tuduri, Simon Arrue, Ricardo Diaz Sarasola, Victor Arrillaga, Anton Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Azaldegi, Ramon Barrio, Juan Jauregui eta Jose Albero izan ziren ibilbidea lehenengoz burutu zutenak, 1925eko ekainaren 7an.

Aralarko Adiskideak elkartea, lehen txango hura antolatu eta bi urtera sortu zen, 1927an. Gaur egungo antolakuntza moldea, ordea, 45 urte beranduago jarri zuten martxan, 1972. urtean. Orduan erabaki zuen Aralarko Adiskideak elkarteak, iraupen luzeko mendi ibilaldi hau lau urtez behin antolatzea, Olinpiar Jokoen urte berean.

Antolatzaileek askotan aipatu izan duten moduan, ibilbidea oinez burutzea da helburua, lehia kutsurik gabe. Azken urteotan, ordea, entzute handiko ibilaldi bilakatu da XIV Orduak mendi ibilaldia. 80ko hamarkadan izan zen parte hartzaileen lehen gorakada, eta 90. hamarkadatik hona, hazi egin izan da parte hartu dutenen kopurua.

Aralarko Adiskideak elkarteak dituen datuen arabera, «parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak dira». Dena den, Arabatik, Bizkaitik nahiz Nafarroatik ere hainbat mendizalek ematen dute izena. Euskal Herritik kanpo ere, badu sonarik ibilaldiak ordea, eta Bartzelona, Tarragona, Huesca, Lugo, Ciudad Real, Caceres eta Malagako mendizaleak ere etorri izan dira euskal mendiez gozatzera. Areago, Frantziako, Britainia Handiko eta Kubako parte hartzaileak ere izan ditu martxak.

2008koa izan zen antolatu zuten azken ibilaldia, eta 3.100 gizon-emakumek parte hartu zuten orduan. Aurten, maiatzaren 27an izango da Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mendiak zeharkatzeko ibilaldia, eta izena emateko epea zabalik da jada: www.aralarkoadiskideak.org webgunearen bidez burutu behar da.

Aralarko Adiskideen lana

1927an sortu zen Aralarko Adiskideak elkartean, eta hasiera-hasieratik beren helbururik behinena izan zen mendira txangoak egiteko gogoa bultzatzearena; elkartearen izenak adierazten duen moduan, gainera, Aralarko mendikateari arreta berezia eskaini izan diote beti. Garai hartan, mendi irteerak egiteko ohitura sortzen ari zen, eta gehienetan, mendizaleek zenbait oztopo eta zailtasun izaten zituzten mendi magaletara iristeko, errepide nahiz ibilgailuak medio. Egoera honen aurrean, zenbait mendizaleri Aralarko mendikatean aterpe bat egitearen ideia sortu zitzaien; paraje hartako bideak eskura izateko modu ederra iruditu zitzaien.

Elkartearen 20. urteurrenerako argitaratu zuten liburuxka baten arabera, Francisco Tuduri eta Francisco Labaien izan ziren ideia aurrera eraman zutenak: Tolosako eta Donostiako mendizale talde txiki bati proiektuaren ideia helarazi zieten idatziz, eta sei hilabeteren buruan lortu zuten, 100 pezetako ekarpena egiteko prest zeuden 100 mendizale biltzea. Horrela eraiki zuten Igaratzako aterpea.

Besteak beste, arrazoi praktikoak izan ziren, mendizaleak aterpea Igaratzan egitera bultzatu zituztenak. Izan ere, kokapen geografikoa bera egokia eta estrategikoa izateaz gain, Mikeleteen etxea izandako erainkin baten hondarrak aurkitu zituzten inguru hartan, eta erabilgarriak izan zitezkeela pentsatu zuten. Gainera, udan ura ematen duen iturri bat ere bada aterpearen inguruan.

Horrela beraz, 1928ko ekainaren 3an ezarri zuten aterpea egiteko lehen harria, eta urte bereko irailaren 9an zabaldu zuten eraikin berria. 20. urteurreneko liburuxkako testigantzetan ikus daitekeenez, Foru Aldundiak bertan zeuden Mikeleteen etxeko hondarrak doan eman zizkion Aralarko Adiskideak elkarteari, eta Enirio Aralar mendien magaletan Amezketatik Ordiziaraino dauden 15 herrien esku utzi zuen, Mikeleteek egindako etxearen lursaila.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!