Hamaika aukera eskaintzen ditu eskualdeak oporraldia are eta atseginago egiteko. Horietako bat da Topic txotxongiloen nazioarteko zentroa. Azken urteetan bezala, aurten ere, gaztetxoei zuzenduriko txotxongilo tailerra egin dute, eta urtero gertatu bezala, oso harrera ona izan dute.
Rosa Izquierdo Topic zentroko zuzendaria «oso gustura» azaldu da tailerrek duten arrakastarekin: «Bi tailer ditugu, eta bakoitzean 20 gaztetxo; haur gehiagok ere eman zuten izena, baina guztiak sartzeko lekurik gabe geratu gara».
Bi tailer izan dituzte aukeran txotxongiloen zentroan. Bata, arrain txotxongiloak egiteko tailerra, eta bestea, antzeztokia eraikitzekoa. Donostiako Aquariumarekin batera diseinaturiko arrainen tailerra izan da aurtengo berritasuna. Herenegun hasi zen eta bihar bukatuko da. Lehenengo egunean, gaztetxoek Aquariuma bisitatu zuten. Bertan, arrain mota ugari ezagutzeko aukera izan zuten, eta haur bakoitzak bere gustukoena aukeratu zuen, ondoren, txotxongiloa egiteko. Olagarroa, manta, raya, antxoa, zaldia... irudikatuz, norbere haga txotxongiloa eraikitzen igaro zuten atzoko bigarren eguna. Argi beltzaren teknika erabiliko dute horiekin, eta horrela mugimendu liluragarriak sortzen ikasiko dute. Izan ere, bihar, tailerrari bukaera polita emateko antzezlana egingo dute, itsaso zabalean gerta daitezkeen istorioak kontatuz.
Antzeztokia eraikiz
Bigarren tailerrean antzeztokiak egiten ikasten ari dira beste 20 neska-mutil. Kartoia eta kolorea erabiliz norbere gustuko agertokia eraiki dute. Hori izan da tailerraren lehen pausoa. Bigarrenean, gaztetxoek euren antzezlanaren gidoia egiten ikasiko dute. Antzeztokia eginda, gidoia prestatuta, eta pertsonaiak irudikatuta, guztia prest izango dute bihar egin behar duten antzezlanerako.
Bai batean, zein bestean, gazteak gustura ari dira txotxongiloen artean jolasean. Oro har, gogoko dituztelako aukeratu dute tailerra, errepikatzaileak dira gehienak, eta berriro ere egingo dutela diote. Gaztetxo hauek, beraz, pozik daude Aste Santuko oporraldirako eginiko aukeraketarekin.
Nolatan animatu zara Aste Santuko oporraldian txotxongilo tailerra egitera?
Leire Uranga
Tolosa, 10 urte
«Etxean jaso genuen esku orria, eta ahizpa eta biok animatu gara tailerrean parte hartzera. Egiten dudan bigarren aldia da, eta oso ondo pasatzen dut. Lau egunetan izango da, eta gaur gidoia idazten ari gara».
Xabi Mendigutxia
Errenteria, 11 urte
«Txotxongiloen tailerrean izena ematen dudan lehenen aldia da. Asko gustatzen zaizkit txontxongiloak eta horregatik animatu naiz. Txotxongiloak egiten eta nola funtzionatzen duten ikasi eta ondoren antzeztu egingo dut».
Ainara Telleria
Tolosa, 7 urte
«Hirugarren aldiz nator tailerrera. Asko gustatzen zaizkit eta oso ondo pasatzen dut txotxongiloak egiten. Gaur, arrain bat egin dut, eta nik aukeratu dudana itsasoko zaldia izan da. Egindakoarekin antzezten ikasiko dugu».
Pablo Flores
Ibarra, 7 urte
«Oso gustura etortzen naiz Topic zentroan antolatzen dituzten tailerrera. Atzo Donostiako Aquariumenan izan ginen, eta bertan ikusi genituen arrainak egiten ari gara. Nik moma arraina aukeratu dut egiteko».
Alain Odriozola
Tolosa, 8 urte
«Txotxongiloak asko gustatzen zaizkit eta bigarren aldiz eman dut izena ikastaroan. Dibertigarria da eta lagunekin gustura aritzen naiz txotxongiloak egiten. Nik manta arraina aukeratu dut nire antzezlana egiteko».