http://www.youtube.com/watch?v=ZhnEnaixwXo
Udala osatzen duten ordezkariek eta alderdi politikoek testu bateratua onartu dute, Berdintasun sailarekin, Bilgune Feministarekin eta Berdinbide taldearekin batera.
Udal ordezkariek, lehenik eta behin, eraso sexista salatu dute, eta hildako emakumearen familia eta gertukoei beren doluminik sentikorrena adierazi diete. Era berean, «emakume izateagatik erailtzen dituzte, berdin dio zein den bere jatorria, klase soziala edota egoera, emakume izatea da arrisku faktorea», esan dute. Honekin batera, hiltzailearen adina ekarri dute gogora –26 urte– eta denborak arazoa ez duela konponduko esan: «Belaunaldi gazteetan errepikatzen diren rol estereotipatuak erakusten ari diren bezala».
Erantzunak integralak izan behar direla ere adierazi dute; «denok elkarrekin ez bagoaz, konponbideak ez dira eraginkorrak izango». Bukatzeko, herritar guztiak gonbidatu zituzten mobilizazioetan parte hartu, eta «indarkeria matxistaren kontra lanean» jarraitzera.
Ezohiko batzarra bukatuta bertaratutako asko Trianguloara joan dira, plazan Bilgune Feministak deituta, herritarrek elkarretaratzea egin dute eta. Jende asko elkartu da 39 urteko emakumearen hilketa salatzeko. Bertan, besteak beste, Laura Gomez, Berdintasun diputatua; Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirola saileko ahalduna; Loitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea; Martin Garitano Ahaldun Nagusia; eta Jose Luis Herrador Espainiako Gobernuko Gipuzkoako gobernadoreordea izan dira. Leitzan ere, Lopeneko biribilgunean bildu ziren herritarrak.