Preso eta iheslariak etxeratzeko nahia "egia izan dadin lan egiteko" sortu da Herrira mugimendua

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 16a

Tolosako Herrira mugimendua aurkeztu dute, "gure herrian hutsik dauden aulkiak betetzea" du xedea. Preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen herri mugimendua dela azaldu dute, eta helburu horrekin bat egiten duten herritar guztiei "espazio eraginkor bat" eskaintzen dutela diote."Herrira gehiengo zabal baten nahia antolatzera dator, nahi hau mobilizazio bihurtzera, helburu hau egia izan dadin lan egitera", gaineratu dute.

Lehenengo ekimena Herrira Eguna antolatzea izan da. Hilaren 24ean egingo dute, eta egun osorako egitaraua osatu dute: banderolen banaketa, manifestazioa, bertso bazkaria, kalejira, Patxi Saiz abeslariaren kontzertua, triki poteoa eta kontzertuak. Bertso bazkarirako nahiz Patxi Saiz abeslariaren kontzerturako txartelak salgai daude Tolosako Raku tabernan, Villabonako Iratzar tabernan, Anoetako Itzuli tabernan eta Ibarrako Subegi elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!