Tolosa eta Cardiff arteko elkarlana

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 1a

Tolosako Udalak eta Cardiffeko Udalak sinatutako Comenius Regio hitzarmena dela eta, bi egunetan izan dira Galesko hiriburuko zenbait irakasle eta hezkuntza zerbitzuko teknikari bat, Tolosan. Lehenengo egunean Ikastolen Etxean eta Lasarteko Berritzegunean izan ziren, eta atzo,  Laskorain ikastola eta Orixe institutua bisitatu zituzten. Eremu eleanitz batean hizkuntzak irakasteko moduak aztertzea da hitzarmenaren oinarria.

Bi udalen arteko akordioa «garrantzitsua» dela esan du Inaki Irazabalbeitia Hizkuntz Politika eta Hezkuntzako zinegotziak: «Tolosak 18.000 biztanle ditu. Cardiffek 300.000tik gora eta Galesko hiriburua da. Zentzu horretan haiek gurekin elkarlanean aritzea eta hori bilatzea garrantzitsua da. Horrek esan nahi du badugula nolabaiteko erreferentzia  hizkuntzen irakaskuntza alorrean Tolosan, herriko ikastetxeetan egiten ari diren lanaren ondorioz».

Irazabalbeitiak ere zehaztu du zer ikasia badagoela: «Bereziki etorri berrien tratamenduen inguruan. Kontuan izan behar da 120 hizkuntza hitz egiten direla Cardiffen. Orain hiru aste bertan egon ginenean, galesez erakusten duten ikastetxe batean izan ginen, nolabait esateko hemen D eredukoa izango zena, eta harritu ninduen ikustea hainbat jatorriko haurrak zeudela bertan. Haiek lortu dute, oso ingurune zail batean, Cardiff eremu erdalduna baita, Bilbo bezala, ama hizkuntza ezberdinak dituzten haurrak erakartzea galesez ikasteko».

Galesen hizkuntz politikak aplikatzen beranduago hasi direla esan du zinegotziak: «Gu aurretik goazen heinean, badakite zer egiten ari garen ondo eta zer gaizki. Guk Kataluniara begiratzen dugun bezala, beraiek guri begiratzen digute gai horretan».

Bederatzi irakasle etorri dira Tolosara, talde bat galesez erakusten duten ikastetxe batetik,  eta bestetik, hizkuntza nagusia ingelesa den eskola batetik. Galesez erakusten duten ikastetxeko irakaslea da Tomos Rees. Bilbon bi urtez bizi izan zen Rees eta gaztelania irakaslea da. «Gure institutuaren aldetik, proiektu honen helburua da ikustea nola erakusten eta sustatzen den hemen euskara. Nik, pertsonalki, Euskal Herria eredu bezala dut hizkuntzarekiko maitasuna sustatzerakoan».

Cardiffen erdigunean dute ikastetxea eta bertara joaten dira ikasle gehienek etxean ez dute galesez hitz egiten. «Ikasle askok ez dute eskolatik kanpo galesez hitz egiten eta guretzako arazoa da hori. Guk ikasi nahi duguna da hemen zein estrategia erabiltzen diren gai horien inguruan». Bestalde, hizkuntzen irakaskuntza bultzatzea da beraien asmoetako bat: «Modu horretara eragin positiboa izatea nahi dugu gure herriko hizkuntza ikasi eta erabiltzerakoan».

Bisitan jaso duen inpresioa «oso positiboa» dela esan du Reesek. «Ikastolen Etxean izan gara eta ikusgarria izan da bertan sortu diren materialak ingelesa erakusteko eta euskara sustatzeko. Beti da oso ona beste irakasleekin partekatzea orokorrean hezkuntzari buruzko ikuspegiak eta esperientziak».

«Asko dugu ikasteko»

Emily Daly Cardiffko Udalaren teknikaria da hezkuntza zerbitzuan, eta bere arduretako bat Cardiffeko eskolen eta atzerrikoen arteko harremanak dira. Berak koordinatzen du Comenius Regio akordioa Galesko hiriburuan. «Euskal Herria bezala, Gales elebiduna da. Asko dugu hemendik ikasteko, hainbat urtetan martxan dagoen hizkuntza proiektutik», esan du Dalyk.

Hemengo esperientziak sortu dion hausnarketa nabarmenena, hizkuntza bat zertarako irakasten den pentsatzea izan da. «Modu akademiko batean izan behar du, edo kalean hitz egiteko, edo gero turismoa egiteko... Oraindik ez nion nire buruari galdera hori egin».

Hizkuntzen ikaskuntzan aldea daude Cardiff eta Tolosaren artean. 11 urterekin hasten dira atzerriko hizkuntza ikasten han eta galesa bost urtetatik aurrera. «Galesa bigarren hizkuntza bezala ikasten dutenek, ezin dute oraindik ondo hitz egin hamaika urtez ikasi eta gero, hau da, 16 urte dituztenean», esan du Dalyk. «Horretan zeresan handia du jarrerak. Asko dugu egiteko alde horretatik, eta baita ikasteko zuek nola erakusten duzuen hemen euskara».

Joserra Zalakain Orixe institutuko zuzendariordea da. Aurreko legealdian hasi zen Zalakain ikasleen mugikortasuna bideratzeko proiektu bat bilatzen eta Comenius Regio proiektuarekin egin zuen topo: «Ez zuen erabat betetzen asmoa, zeren ez dago Europan programa bat urtero-urtero ikasle kopuru bat atzerrira bidaltzea bermatzen duena. Comenius Regioren berezitasuna herrien arteko proiektua dela da, hau da, udalak izan behar du lidergoa». Aurrera begira, eskolen arteko harremanak sendotuz doazen heinean, ikasle batzuk hemendik hara joateko aukera zabaldu ahalko da, eta Cardiffetik hona etortzeko ere.

Egun egiten ari diren proiektuak hizkuntzen arteko loturak nolakoak diren ikertzeko balioko duela dio Zalakainek. Bestalde, bi herrien artean sortutako harreman horrek «galesek eta euskaldunek zenbat gauza komunean ditugun ikusteko ere balio du».

Kepa Goikoetxea Laskorain ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendariordea da. «Beraien kezka nagusia da ikasle bat nola garatzen den hiru hizkuntzetan aldi berean. Ikastolan badugu Eleanitz izeneko proiektua: hasieratik euskaraz, lau urterekin ingelesa eta gero gaztelera lantzen dute. Guretzako ere interesgarria da, beraz, atzerrian nola egiten duten jasotzea. Gu bertara joaterakoan ikusi genuen nola egiten zuten hori eta beraiei erakutsi diegu bisita honetan guk nola egiten dugun».

Cardiffera orain gutxi egindako bisitan ikusi dute edukien aldetik ez dagoela alde handirik. «Teknologia aldetik aurreratuago daude, baina bertako hizkuntzaren eta atzerriko hizkuntzen lanketan gu aurreratuago egon gaitezke», esan du Goikoetxeak. «Beraiengatik ere interesatzen zaigu nola lantzen duten beste herrialde batetik joaten dena integratzeko, eta gainera, hainbeste kultura eta hizkuntzakoak batera izanik. Eskola batean 60 ama hizkuntzako ikasleak izan ditzakete».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!