Tolosako suhiltzaileen parkean elkarretaratzea egin dute gaur 12:00etan. Bertan, Tolosako suhiltzaileak eta eskualdeko hainbat udal ordezkari elkartu dira, hain zuzen ere, Aduna, Tolosa, Alegia eta Anoetako ordezkariak. Elkarretaratzean astearte goizeko atxiloketak salatu dituzte, eta Iñaki Igarategi lankidearen eta Inazio Otañoren askatasuna eskatu dute.
Iñaki Igarategi eta Inazio Otaño andoaindarrak asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak. Inkomunikaturik egon diren egunetan, torturatuak izan direla salatu dute. Igarategi lanean zegoela atxilotu zuen Guardia Zibilak, Tolosako suhiltzaileen parkean. Honen harira, bere lankideek honako idatzia irakurri dute elkarretaratzean:
" Astelehen gaua zen, Tolosako inauterien egun handia. Lanera sartu ginenean, Tolosan gau horretan jende uholdea ibiliko zela eta gaua konplikatu zitekeela esaten ibili ginen gure artean.
Goizeko 01:30ak aldera, tximiniako sute batetik bueltatu ginen, eta kamioiak beste irteera baterako prest utzi ondoren, ateko txirrinak jo zuen. Atea irekitzean, bi guardia zibil sartu ziren barrura, Iñakiz galdezka. Iñakik lasai erantzun zien bera zela, eta haiek eskuburdinak erakutsi eta atxilotua zegoela esan zioten. Iñakiren aurpegiak ez zuela ezer ulertzen adierazten zuen, erabat harrituta zegoen egoeraren aurrean.
Eraman zutenean, "Animo Iñaki!" soil bat besterik ez zitzaigun atera, zalantza baikenuen ikusten ari ginena benetakoa zen ala inauterietako parodia bat ote zen.
Iñakik atxiloketaren arrazoiez galdetu zienean, zegokion momentuan jakinaraziko ziotela erantzun zioten guardia zibilek. Ordu erdi pasatu aurretik eman zuten atxiloketaren albistea Espainiako egunkari batean, eta baita Oriako suhiltzaile parkean atxilotu zutela adierazi ere. Badirudi bateren bati aldez aurretik eman ziotela atxiloketaren berri.
Ordutik, kezkaz beterik ibili gara egun hauetan. Nola ote dago Iñaki? Ezer txarrik ez ote diote egingo! Baina, gure susmo txarrenak bete egin dira. Iñakik, eta berarekin batera atxilotu zuten Inazio Otañok, galdeketa luzeak, kolpeak, mehatxuak eta drogen erabilera salatu dituzte, eta espetxeratu egin dituzte.
Garai berriak bizi omen ditugu, itxaropenez betetako garaiak, bakerako garaiak, konponbide garaiak. Alabaina, badirudi batzuek ez dituztela asmo horiek gehiegi maite.
Ez ditugu onartzen inor gure lantegietara etortzea lankideak atxilotzera, eta are gutxiago, torturatzea, eta torturan oinarrituta espetxeratzea. Horrela ez da bakea elikatzen. Horrela sufrimendua ereiten da, ez besterik.
Iñaki, hire lankideak gaudek hemen, hire lantokia denaren aurrean, hi atxilotu hinduten leku berean, eta hiri gure maitasunik sentikorrena adieraztera etorri gaituk. Une latzak pasatu dituk, bazekiagu, baina gure barneko berotasuna bidali nahi diagu, hagoen zoko ilun eta beltz horretara.
Ez hago bakarrik, gu hirekin gaudek, eta hire sufrimendua geure egiten diagu.
Gure esku dagoen guztia egingo diagu hi gure artera berriz ekartzeko, horretan ari gaituk, heuk ere hala egingo huke eta, egoera berean gutako beste edozein egongo balitz.
Gure artean, hemen, lanean nahi haugu berriz ere. Laster arte, Iñaki!"