Beste urte betez, tolosarrek kantuari jarraitu eta ohetik jaiki dira Dianarako, Zaldunita egunez, mozorro festa hasteko.
Ehunka lagun bildu dira Gorriti plazan 08:00etan, eta Tolosako musika bandaren erritmora saltoka ibili dira Alde Zaharreko kaleetan barrena.
Tradizioari jarraituz, pijama, txapin eta etxeko mantalak soinean jantzita atera dira batzuk. Beste batzuek, berriz, aurreko hilabeteotan prestatutako mozorroak kalera atera dituzte goiz-goizetik; izan ere, inauteriak beti alaitzen gaitu guztiz, Dianan.
Salda beroa inauteri goizari
Gorputza berotzeko saltoka aritzeaz gain, gaur goizean Dianara atera diren tolosarrek salda beroa dastatu ahal izan dute, sukaldari onenen eskutik. Zuriz jantzita, eta benetako sukaldarien antzera, gosaria eskaini diete inauterizaleei.
Ez dira, ordea, Tolosako mozorro festa Dianan hasi duten bakarrak izan. Kalejiraren aurretik, bidea irekiz, luxuzko dendarik garestienetatik etorritako hiru emakume joan dira, larruzko arropa soinean zutela. Klima aldaketari ere azalpena bilatu nahi izan diete, aurten, tolosarrek. Zientzialari batek azpiko arroparen araberako klima aldaketaren ikerketa azaldu die saltoka zihoazenei, poesiak banatuz.
Gero, gosaltzera
Diana 08:00etan hasten den arren, 11:00ak aldera arte kalejira ibiltzen da musika banda, herritarrekin. Askok, ordea, saltoka gorputza berotu eta gero, kafetegi nahiz tabernetara jotzen dute, gosari legea egitera.
Hiru festa egun aurretik ditu oraindik Tolosak, eta urte osoko sormenaz gozatzeko garaia da.