Tolosako kaleetan eromena da nagusi

tolosa 2012ko otsailaren 16a

http://www.youtube.com/watch?v=4uIcvj_-bow&feature=youtube_gdata_player

Lehertu da jaia. Paregabeko festa batek behar dituen osagaiak ditu gaur Tolosak. Ostegun Gizen guztietan bezala, txarangen doinuak, jendearen festarako gogoa eta umorea, kolorea, txerria eta txistorrak ez dute hutsik egin, eta, gainera, eguraldiak ederki lagundu du.

Eguerdia iristeko irrikaz eta urduritasunez nabari ziren haur, gazte nahiz helduak. On Ostegun Gizen konpartsa berria Plaza Zaharrean sartu, eta Ostegun Gizen pertsonaiak jendartea zeharkatu eta udaletxeko balkoira igotzearekin batera hasi da Kabi Alai elkarteko Udal Korporazioa berriketan. Batetik, aurtengo Inauterizale Kuttun Eduardo Chocanorentzat esker hitzak izan dituzte, eta bestetik, krisia eta Iñaki Urdangarin bera izan dute ahotan. Antza diru laguntzaren bat eskatu nahi omen diote udalaren egoera pixka bat hobetze aldera.

Suziria jaurtitzeko ardura Eduardo Chocanok izan du aurten, bera baita aurtengo Inauterizale Kuttuna. Gogotsu eman dio su, eta horrekin batera hasi da dantza, algara, eromena. Omenaldia suziriaren aurretik jaso du Chocanok Kabi Alai elkartearen eskutik. Inauterien alde urteetan egindakoa nabarmendu dute, eta oroigarri bezala, elkartearen zuhaitza eskaini diote.

Kalean, txarangak protagonista. Eurekin batera, kalez kale ibili dira herritarrak dantzari eta saltoka, Sasikoipatsu bezalako doinuen erritmora. Tarteka derrigorrezko geldialdiak eginez, tragoxka hartu eta txistor pintxoak jateko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!