Berebiziko garrantzia zuen neurketa jokatzea egokitu zitzaion Laskorain Ikastolari joan den larunbatean, iraganean une gozoagoak bizi izan dituen Castro Urdiales historikoaren gotorlekura eginiko bisitan.
Duela urte batzuk, zilarrezko mailako txapeldun eta errege izandako CFS Castro Urdiales errepika ezina, oso bestelako uneak bizitzen ari da gaur egun. Gazte jendeaz osaturiko egitura oinarri duela, 2. B Mailan bizirik irauteko borrokan dabil Kantabriako taldea sailkapeneko azken postuetan.
Egoera berdinean dagoen Laskorain batek, gauzak beste angelu batetik aztertzen dituen arren, tentsio altuko neurketa planteatu zuen Castroko Peru Zaballa polikiroldegian. Azken emaitzak erakusten duen banako berdinketak, ordea, bi taldeei mezu argia uzten die: azken helburua lortzeko oraindik lan asko egin behar da.
Azken minutu erabakigarria
Lehen zatiari errespetu osoz ekin zioten tolosarrek. Taktikoki kokapen serioa eskaini zuten, arerioaren azterketa sakon bat eginez, eta kontraeraso urriek bermaturiko aukerei ahal zen heinean etekina ateratzeko asmoan oinarrituz.
Aparteko berririk gabe, 0-0eko berdinketarekin joan ziren aldageletara bi taldeetako jokalari saiatuak.
Bigarren erdian egoerak itzulipurdi bat eman zuen, eta etxekoek norgehiagokaren zama eramateko erabakia hartu zuten. Honen ondorioz, Endikaren atea estu hartzea lortu zuten minutu luzeetan zehar.
Ikastolakoen akatsengatik batzutan, eta kantabriarren meritua zela bestetan, etxekoen sareratzea gertu sumatu zen behin eta berriz, baina partidako azken unera arte atzeratu zen filmaren korapiloa. Jokaldi isolatu batean horitxoen aldeko penalti bat adierazi zuten epaileek, eta Telleria zilarrezko beltxargak 0-1ekoa ipini zuen neurketa amaitzeko minutu baten faltan.
Etxekoek bururik makurtu gabe, atezain jokalariaren taktika martxan ipini zuten berehala. Erabaki honek bere fruitua gol moduan ekarri zuen, eta tolosarren atea zulatu ostean 1-1eko adostasun erabakigarria ezarri zuten markagailuan.
Lan ugari egin beharra dago oraindik, eta datorren astean Colo-Colo azken sailkatuaren etxea bisitatuko dute Javiren mutilek, garrantzi handiko beste talka berri batean. Ezpata eta aukera guztiak zutik daude oraindik, eta abagune ona izan daiteke azken asteetako dinamika apurtzeko.
Larunbatean, Castron, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Alonso Coach manager-a, Endika, Mikel Alonso, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Belloso, Diez, Joniko eta Aratz izan ziren elastikoa horiaren izen ona defendatu zutenak.