May Colmeneroren 62 ikasleren artelanak ikusgai daude Aranburu jauregian. "Nire ikasleek ez dakite zer den erakusketa bat, zer den katalogo bat. Modurik hoberena hori jakiteko erakusketa bat egitea da", azaldu du Colmenerok. Artistak sei eta hamabost urte artekoak dira, eta margolan bakoitzaren ondoan egilearen izena azaltzen da. Horrelako ekimen bat egiteko motibazioa "garrantzitsua" dela esan du pintura irakasleak, eta "ilusio handiz" egindakoa izan dela gaineratu du. Hainbat teknika erabili dituzte: akuarela, pastela, itzalak, egur margoak, olioa eta espatula. Ikasleez gain, Colmenero berak ere hainbat koadro zintzilikatu ditu. Erakusketa otsailaren 25a arte ikusgai izango da.