4-4 berdindu du Laskorainek, Ebrosala liderraren aurka

tolosa 2012ko urtarrilaren 24a

Beste partida handi bat dastatzeko parada izan zuen, joan den larunbatean, Usabalen bildutako zalegoak. Lehen itzulirari bukaera emateko, Laskorainek Ebrosala sailkapeneko lider tinkoa hartu zuen etxean, eta 40 minututan zehar gogor lan egin eta gero, puntu bat eskuratu zuen, 4-4 berdinduta.

2.A mailarako igoera jomuga dutela, zaragozarrek gaztetasuna eta eskarmentua orekatzen dituen taldea dute, eta 1. mailan aritutako lau jokalarirekin, txapelketaren ekuadorrean sailkapeneko jaun eta jabe dira. Horitxoak, ostera, azken sasoian bolada gogorean murgilduta, amorruz beterik daude, eta hori erakutsi zuten larunbatean, batez ere partidaren hastapenean.

Lehen minututik azkenekoraino Ebrosalakoen eraso posizionalak arazo handiak sortu bazizkien ere, neurketa hasieran ikastolakoak aise irten ziren kontraerasora, eta ate aurrean aragoitarrek baino gutxiago barkatu zuten. Murgi mikolasaren, eta denboraldiko errebelazioa den Etxeberen golekin, 2-0 aurreratu ziren, atsedenaldiaren aitzinetik kanpotarrek aldea murriztu zuten arren.

Aldageletatik bueltan, aldiz,  aragoitarrek azeleragailua zapaldu zuten nabarmen, eta bigarren zati guztian zehar arazoak larriagoak izan ziren horitxoentzat. Baina ez zuten amore eman, 2 eta 3koarekin ere ez, eta erasora irteteko zailtasun handiak izan arren, Barack Telleriak hirunakoa sartu zuen jokaldi solte batean, eta faltako ‘pinball’ estrategian, Gil TDIk 4-3koa sartu zuen. Itxaropenak, ordea, segundu gutxiz iraun zuen, Ebrosalakoek ia jarraian egin baitzuten launakoa.

Berdinketa baliotsu honekin Laskorainek hiru garaipen, hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu lehen itzulian, eta 2.B mailari eusteko beste hainbeste egin beharko du, gutxienez, bigarrengoan. Honetarako, larunbatean erakutsitako grina eta lanerako prestutasunari, konfiantza pixka bat besterik ez zaio gehitu behar, eta horixe berreskuratu behar dute lehenbailehen, horitxoek.

Zaragozako Ebrosala talde liderrari, Javi eta Jorge rumba ordezkariek –hori da kantxa garbitzeko modu robotikoa hori–, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Etxebe, Murgi, Loitzun, Diez, Zubillaga eta Aratz jokalariek egin zioten aurre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!