Bihar eta etzi, jai giroan ibiliko dira Ero Etxe elkarteko kideak, krosaren 25. urteurrena dela eta. Igandean, goizeko 11:30ean hasiko den krosa izango da jarduerarik nabarmenena, baina elkarteko arduradunek asteburua hasieratik girotu nahi izan dute; hori dela eta, bihar eguerdiko 12:00etatik aurrera, Ero Etxe elkarteko txaranga kalez kale ibiliko da, erraldoi eta buruhandiekin batera.
Mende laurdena korrika
Mende laurdena bete dute Ero Etxeko kideek, herriko eta inguruko gaztetxoentzako krosa antolatzen. Horrela beraz, igandean, 11:30ean abiatuko dira lehen korrikalariak, San Frantzisko pasealekuko irteeratik. Infantil mailako mutikoak izango dira, eta 2.800 metro burutu beharko dituzte korrika; bi itzuli luze, alegia. Jarraian, 11:45ean, infantil mailako emakumeek 1.950 metroko ibilbidea egin beharko dute, itzuli labur batekin eta luze batekin.
12:00etan hasiko dira alebinak. 2000 eta 2001ean jaiotako mutilek itzuli luze bat egingo dute, 1.400 metro osatuz; neskek ere ibilbide bera burutuko dute korrika, 12:15ean abiatuta.
Azkenik, benjaminen txanda izango da 12:25ean. Mutilak aterako dira lehenengo, eta bi itzuli labur egin beharko dituzte; neskek ere, ibilbide bera egingo dute, 1.100 metro osatuz.
Gaztetxoek beren korrika saioak amaitutakoan, sari banaketa izango da San Frantzisko pasealekuko podiumean.
Bi ibilbide
Urteroko moduan, Ero Etxeko krosa bi ibilbide izango ditu igandean ere.
Ibilbide laburrena San Frantzisko pasealekuaren erdi aldean hasiko da, eta Foruen etorbidea zeharkatu ondoren, Nafarroa etorbideko azken zatia zeharkatuko dute korrikalari gazteek, Zumalakarregi kaletik Trianguloa plazara heltzeko. Hemendik, berriro ere San Frantziskora bueltatu beharko dute, itzuli laburra bukatze aldera.
Ibilbide luzea, berriz, leku berean hasiko da, San Frantziskon. Hemendik abiatu, eta Foruen etorbidetik pasa beharko dute korrikalari gazteek, Nafarroa etorbidera iristeko, eta Zumalakarregitik Trianguloa plazan sartzeko. Bidea jarraituz, Korreo kalean sartuko dira, eta Gorriti plaza iritsi baino lehen, Plaza Berrian sartu beharko dute, hemendik Arostegieta kalea hartzeko. Arostegietatik kultur etxe atzeko Atadi kalera iristen direnean, Rondillara joan beharko dute, eta hemendik San Frantziskora jarraitu, irteerako eta helmugako guneak egongo diren lekura.