Burgosen aurka galdu ondoren, Laskorain postu arriskutsuetan aurkitzen da

Ataria 2012ko urtarrilaren 17a

Berebiziko garrantzia zuen norgehiagoka batekin 2012 urte berriari hasiera eman behar izatea egokitu zitzaion Laskoraini, Eguberrietako oporraldi luzearen bueltan, izan ere helburu berdinen atzetik lehian dabilen arerio baten etxean jokatu baitzuen joan den larunbatean.

Maila honetako norgehiagokak gehienetan detaile txikien arabera erabakitzen dira, eta oraingo hau ez zen salbuespenean erori. Emaitzak erakusten duen aldea zabala izan arren, neurketa parekatua eskaini zuten bi taldeek, bukaeran erabaki zelarik garailearen izena.

Lehen zatia lehiatua izan zen une oro, gol bakarra lortu zelarik 20 minutu luzeetan zehar; Gaztelakoak suertatu ziren Endikaren atean asmatzaile, eta 1-0eko estu batekin iritsiko zen atsedenaldia.

Bigarren erdian pauso bat aurrera eman zuten tolosarrek, eta epaileek etxeko jokalari bat kanporatu ostean Etxebek 1 eta 1ekoa ipiniko zuen elektronikoan. Jarraian aukerak bi ateetan eman arren beste behingoz, 2-1ekoa Burgosekoek egingo zuten, eta segidan 3-1ekoa. Epaileek ikastolakoen jokalari bat aldageletara bidali izanak gauzak zaildu zituen erabat, azken gol hau horren ondorio garbia izan zelarik.

Atezain jokalariarekin

Neurketa hartzen ari zen kolore iluna zela medio, entrenatzaileak atezain jokalariaren taktika ipini zuen martxan, eta honen ondorioz, partida berdintzeko ere aukera anitzak garatu arren, etxekoak izango genituen berriro asmatzaile 5-1eko azken emaitzarekin itxiaz atalburua.

Porrot honen ostean taulako postu arriskutsuetara erori dira horitxoak, eta datorren astean Ebrosala liderrak bisitatuko du Usabalgo kiroldegira. Erronka zaila bezain interesgarria da Bigarren B Maila berrian debuta egin duen Laskorainek aurretik duena. Puntu asko dira oraindik jokatu beharrekoak, eta jokalariak barruan duten oro emateko asmo bizian izaki, bost hilabete interesgarri ditugu oraindik aurretik.

Larunbatean Burgosen Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika atezaina, Gil, Joniko, Etxebe, Alonso, Loitzun, Murgi, Telleria eta Aratz izan ziren. Baja izandako Lander, Diez, Ekhi eta Bellosoren berreskurapena lehenbailehen espero dute ikastolakoek, taldearen mesedetan beharrezko tresneria guztia prest edukitzeak bidea erraztuko duelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!