Ustezko trafikatzaile bati ebakuntza egin beharra izan diote Asuncion klinikan, gorputzean zituen 15 haxix bola ateratzeko. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailetik adierazi dutenez, astelehenean pertsona bat aurkeztu zen ospitalean egun batzuk lehenago irentsi zuen drogaren zati bat kanporatu ezin zuelako. Astelehenean bertan egin zioten ebakuntza gizasemeari, eta 15 bola haxix atera zizkioten gorputzetik. Ertzaintzak materialaren azterketa egiteko eraman zituen bolak, eta ustezko trafikatzailea atxilotu du osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Ikerketak irekita jarraitzen duela adierazi du Herrizaingo sailak.