Itxaron zerrendako proiektuak

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 11

Tolosako udal gobernuak behin baino gehiagotan esan izan du inbertsioak egiteko arazoak daudela; ekonomia planaren aurkezpenean eta 2012ko aurrekontua onartu zuteneko osoko bilkuran aipatu zuen, esaterako. Alde batetik, instituzio guztiek ahotan darabilten egoera ekonomiko orokorra aipatu izan du, eta Elosegi parkearen ordainketa, bestetik. Inbertsioak diru laguntzak lortu direlako edo aurreikusitako kontuetan aldaketa positiboak izan direlako etorriko direla azaldu du.

Azpiegituren eta hirigintzako alorrean, zenbait proiektu zerrendaren lehen postuetan daude, eta lehentasun horien hainbatetan oposizioko alderdi nagusia den EAJk bat egiten du. Udal gobernuaren legealdiko asmo nagusienetakoa geltoki intermodala gauzatzea da, baina proiektu hori oraindik mamitzen ari da. Ibilbide luzeagoa egin duten proiektuak daude hainbat eremutan: Berazubi, Bidebieta-Izaskun, Amarotz, Euskal Herri Plaza, eta Laborde y Labaien fabrikako orubea. Alde Zaharrak zein landa auzoek ere «garrantzi handia» dutela diote udal gobernutik, eta auzotarrekin batera «egin daitezkeen proiektuak» zehaztuko dituztela gaineratu dute.

Udal gobernuak adierazi duenez, bere helburua «eraikia dagoena hobetzea eta berritzea da, bizi kalitatea eskaintzea, eta ez hainbeste auzune berriak egin eta hazkundeari bide ematea». Orokorrean, proiektuak noiz egingo diren ez dakitela diote: «Udalak ez du dirurik orain. Saiakera guztiak egingo ditugu diru laguntzak lortzeko, baina zaila izango da». Egoera horretan, «ezin da aurrekontuan sartu oraindik ez dugun dirua». Behin soberakina kontsolidatuta dagoenean eta diru sarrerak ikusten direnean, «inbertsioak egiteko aukera» izango dela gaineratu dute.

Berazubi. Aurreratuen dagoen proiektua Berazubi estadioa berritzea da. Iñaki Etxeberria arkitektoak irabazi du proiektua egiteko lehiaketa. Hainbat fase izango ditu, eta aurten lehenengoari ekitea aurreikusten dute. Lehen fase horretan harmailak berrituko dira eta bertan aldagelak egingo dituzte. Bestalde, igerilekuaren ondoko eraikinean gimnasioa eta padel egiteko kantxa egingo dituzte. Azken bi zerbitzu horiek Kirolzer enpresak kudeatuko ditu. Fase horrek milioi euro inguruko aurrekontua izango du.

 

Bidebieta-Izaskun. Udaletxean Bidebieta auzoaren berritzea jasotzen duen aurreproiektua dute. Udal gobernuak garbi du aurreproiektu horretan planteatzen denak jarraipena izan behar duela Izaskun auzoarekin. Bidebietako aurreproiektuan, egun belaze bat dagoen N-1aren ondoko lur zatian aparkaleku bat egingo dela zehazten da; 115 plaza guztira. Udal gobernuaren ustez, aparkaleku horrek lotura izan beharko luke Izaskun auzorekin, zehazki bertako plazarekin. Ondoren etorriko zen Izaskunen urbanizazioa. Bidebietako aurreproiektuan urbanizazioa berrituko dela zehazten da. Saneamendu hodiak jarriko dira eta egun airetik doan argiteria lurperatuko da. Horrez gain, zorua berrituko da, koexistentziakoa jarriz. Guztira, aurreproiektuak 2,6 milioi euro inguruko aurrekontua zehazten du. Lehenengo fasea aparkalekua egitea izango litzateke, eta horren aurrekontua 1,25 milioi eurokoa da.

 

Euskal Herria plaza. Hainbat erabilera izango dituen eraikina gaitzea aurreikusita dago bertan. Alde batetik, alokairuzko 26 etxebizitza egingo lirateke. Proiektuari turismo bulegoa eta aterpetxea erantsi nahi dio udal gobernuak. Guztira, 2,4 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Egun geldirik dago: Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro jartzeko asmoa azaldu du, baina oraindik ez du behin betiko ebazpena eman, eta udala horren zain dago proiektua martxan jartzeko.

Amarotz auzoa. Amaroz Paper Fabrika zegoen lurzoruaren jabea Orubide gestio enpresa publikoa da. Lur hori kudeatzeagatik udalari ordaindu beharrekoa 2,3 milioi euro dira. Birpartzelazioa egin denez, aurten 1,3 milioi jasotzea espero du udalak. Udal gobernuak zehaztu duenez, «dirua Amarotz auzoan inbertituko da, bai urbanizazioan eta bai azpiegituretan. Auzotarrekin adostuko da bertan egin behar dena». Oraingoz, Amarotz eta hirigunea «modu duin batean» lotzeko pausoak ematen ari dira. Proiektu horretan ere parte hartuko du foru aldundiak; izan ere, Lizartzara doan errepidearen jabea da eta bertan aldaketa batzuk izango dira.

 

 

Laborde y Labaien fabrikaren orubea (RC2). Oiarbide hostalaren ondoan zegoen Laborde y Labaien fabrika eraitsi zuten. Bertan aurreikusita zegoen proiektua geldirik egon da, ur agentziak blokeatuta baitzuen, Oria ibaiaren eremua noraino iristen zen zehaztu behar zelako. Azkenean erabakia hartu da, eta proiektuak ibai aldera zuen horma atzeratu behar izan da, ibaiari zabalera handiagoa emanez.

Erabaki horrek proiektuan aldaketak ekarriko ditu. Behin proiektua aldatu behar dela ikusita, udal gobernuak hausnarketarako aprobetxatu nahi du egoera. Bertan, aparkalekuak eta etxebizitzak egitea aurreikusita zegoen. Udal gobernutik azaldu dutenez, «agian ez da behar etxebizitzak egitea. Hausnartu behako dugu zer erabilera eman daitekeen orubeari, beti ere bideragarritasun ekonomikoa kontuan izanik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!