Sarrionandiaren hitzak dantzatuko dituzte Kukaikoek

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 11

Etzi ikusgai izango da Leidorreko oholtzan, 2008ko maiatzean Kukai dantza konpainiak eta Ttanttaka antzerki taldeak elkarlanean estreinatu zuten ikuskizuna; Hnuy Illa. Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo (Ondo zaindu beti, Yahho maitea) liburuko poemetatik abiatuta, literatura, dantza, musika eta irudiak uztartuko dituzte ikuskizunean.

Emanaldia, bi taldeek aurretik elkarlanean burututako bi ikuskizunen jarraipena da. Izan ere, 1937 gogoaren bideziderrotatik eta Otehitzati Biraka obrak ere, hainbat diziplina uztartuta sortu zituzten Kukaik eta Ttanttakak.

Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo liburuko bertsoak iradokitzaileak direla diote arduradunek: «iradokitzaileak eta narratiboak; kantatzeko, errezitatzeko edota intuitzeko modukoak».

Poema hauen hitzei, dantzarako pausoak jarri dizkie Kukaiko dantzari eta koreografoa den Jon Maiak; pauso hauei musika jartzeaz, berriz, Iñaki Salvador arduratu da; David Bernues ikus-entzunezko errealizadoreak irudiak aukeratu ditu, eta ikuskizuneko elementu guztiak koordinatu eta zuzentzen Mireia Gabilondo aritzen da.

Diziplinen uztartzea dantzatik

Poesia, dantza, irudiak eta musika elkarrekin izango dira agertokian, «elkar hartuta eta elkarren artean komunikatuta». Hala ere, dantza izango da ikuskizunaren lengoaia nagusia. Kukairen estiloaren ildotik, euskal dantza tradizionala oinarri izango dute, joera garaikideekin uztartuta.

Musikari dagokionez, Iñaki Salvadorren doinuez gain, ikuskizunean doinu ezagunak ere entzun ahal izango dira: ‘Hegazti errariak’ (Mikel Laboa/ Joseba Sarrionandia), ‘Sustraiak han dituenak’ (Mikel Laboa/Joseba Sarrionandia) eta ‘Oroitzen zaitudanean, ama’ (Mikel Laboa/Joseba Tapia). Hau guztia argi, kolore eta oholtzako hamaika elementuk osatuko dute.

Leidorreko emanaldirako sarrerak, aretoko lehiatilan salgai izango dira; aurrez erosi nahi dituenarentzat, ordea, Kutxanet-en bidez ere eskuragarri dira jada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!