Artea kalera aterako dute

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 28a

Huhezi fakultatean egiten ari diren lan batetik abiatuta, lau ikaslek, tartean Olatz Artola tolosarrak, From Latin, Ars ekitaldia antolatu dute, artea kalera ateratzeko. «Artea bere jatorrira eramatea aldarrikatu nahi dugu», dio Artolak. «Artea kalean sortu zen eta hori egin nahi dugu, berriro kalera atera».

Horretarako hainbat diziplinetako talde eta lagunak gonbidatu dituzte: Udaberri dantza taldea, Txino breakdance dantzaria, 121 Krew, ZZ Blues Band eta Aizkora Beltza musika taldeak, Ane Aldalur eta Txoan Ormazabal bertsolariak, graffitilari eta margolariak... Hauez gain, nahi duen orori parte hartzeko deia zabaldu diete ekimenaren bultzatzaileek.

Ikus-Entzunezko Komunikazioa egiten ari dira Artola eta bere ikaskideak. Dokumental bat ari dira grabatzen eta artearen gaiari eutsi zioten. «Arte eragileak elkartzea eta beraiek sortutakoa kaleratzea du helburu ekimenak», esan du Artolak. «Askatasun osoz ariko dira, ez dute gai jakin bati buruz egin beharko bere obra». Sortuko diren lanak grabatzeaz gain, arte eragileak elkarrizketatuko dituzte, gero horiek denak dokumentalean erakusteko.

Ekitaldia 16:00etatik 18:00etara izango da, ostegunean, hilak 29, Plaza Berrian. Eguraldiak utziz gero, plazan zehar egin nahi dituzte sorkuntza lanak. Zenbait taberna eta denden laguntza izan dute ekitaldia prestatzeko, baina beren poltsikotik ere dirua jarri behar izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!