Duela hamalau urte jantzi zuen Iker Galarzak (Amezketa, 1977) lehen aldiz, Poxpoloren ileordea. Hamabi urte daramatza plazaz plaza haur eta helduei irribarrea eragiten, eta gaur emanaldi oso berezia eskainiko du, «sekula baino konpainia gehiagorekin», Tolosako Leidor aretoan.
«Emanaldi zoragarria izango da, musikarekin, dantzarekin, magia pixka batekin,... Eta zalantzarik gabe, barre egingo dute bertaratzen direnek», azaldu du Iker Galarzak. Udan herriz herri eta oholtzaz oholtza ibiltzen direnez, ikusle askok zenbait gauza ezagutuko dituztela aitortu du, baina «ezustekoak ere izango dira. Ez dugu ezer aurreratu nahi, ordea, bestela ezusteko izateari utziko dio».
Poxpolo eta konpainia taldearentzat, emanaldi berezia izaten da Eguberrietan egiten dutena. «Urtean zehar beste kontu batzuekin aritzen baldin bagara ere, norbaiti zerbait bururatzen zaionean, Gabonetara begira jartzen gara segituan, uztaila edo maiatza izan arren», dio Iker Galarzak.
Mokoloren grinari eutsiz
Gaurko emanaldiak, era berean, Mokolo zenagatik du halako berezitasuna: «Mokolori ilusiorik handiena sortzen zion emanaldia izaten zen, Eguberriak asko gustatzen baitzitzaizkion. Guk askotan esaten genion horrenbesteko lanik ez hartzeko, emanaldi bakarrerako, baina hala ere, gogo handia jartzen zuen beti». Mokolorengandik ikasi zuten gauzetako bat izan zela azpimarratu du Poxpolok, eta konturatu direla, lan hori egiteak benetan merezi duela: «Mokolori gustatzen zitzaion, eta guk, bera falta denez geroztik, are ilusio handiagoz egiten dugun zerbait da».
Gainera, ikusleek ere egindako lana eskertzen dutela dio, eta hori sari handia dela: «Jendeak hanka sartzeak-eta barkatzen dizkigu, ulertzen baitute gure ahalegina zenbatekoa den. Badakite pailazo izanda ezin dela aberastu, baina lan honek asebetetzen gaitu, bai pertsona bezala, eta baita talde bezala ere.
Gaur, bi saio eskainiko dituzte Leidor aretoan; 16:30ean izango da bata, eta 19:00etan bestea. Emanaldia gogo biziz prestatu duten arren, izen berezirik ez diote jarri: «Jende askok galdetzen digu kalean, izenbururik pentsatu ote dugun emanaldiarentzat, baina ez da hala». Eguberrietarako bereziki prestaturiko saioa izango da gaurkoa, eta ez dute plaza guztietan errepikatuko. Hala ere, taldekideen artean lelo politenak aukeratzen aritu dira: «Lehengo batean taldekide batek hala esan zuen, egokia litzatekeela Ametsetan izena emanaldiarentzat», dio Galarzak.
Gezur txikien xarma
«Guk, emanaldietan amets egiteko aukera eskaintzen diegu ikusleei, eta hori da gure lan egiteko modua: gezur txikiak erabiltzen ditugu fantasia sortzeko batzuetan, eta egia kontatzeko beste batzuetan».
Bide beretik, Iker Galarzak, Poxpolo eta konpainia taldearen helburu nagusiak entretenitzea, barrea eragitea eta «ahal bada, ikusleak hunkitzea» direla nabarmendu du: «Horixe da gure lana, eta guk egiten dakiguna. Dena ez dela sinetsi behar helarazten diegu ikusleei, baina era berean, norberak nahi duen guztia amets dezakeela».
Haurrei eta helduei begira
Poxpolo eta Mokolo elkarrekin emanaldiak egiten hasi zirenez geroztik, familia osoari begirako saioak prestatzen aritu izan direla azaldu du Galarzak.
Gurasoei begirako gauzak prestatzeak eginahal bikoitza eskatzen duela dio, eta batzuetan «oreka aurkitzea zaila izaten da».
Sudur gorria bihotzean
Iker Galarza «inertziaz» hasi zen pailazoen munduan, gustoko zuelako. Aktore izan nahi duen jendea bada, gauza eta pertsonaia desberdinen azalean sartu nahi izaten duena. Poxpolok, ordea, «pailazoa zerbait desberdina dela» uste du: «Pailazo izatea aktore askori gustatzen ez zaien zerbait da, beharbada, beldurra ematen duelako batzuetan txiki sentitu behar hori. Egia esan, ez dakit nola azaldu pailazo izatea zer den, oso zaila da».
Bestela ere aktore lanetan aritzen da Galarza, baina gauza batek bestearekin zerikusirik ez duela dio: «Gure inguruan amets bat sortzen dugu, eta oso gutxik ute hori sortu ahal izateko zortea; pailazoek eta umeekin lan egiten dutenek ondo baino hobeto dakite hori zer den». Sarri esan ohi den bezala, pailazoa jaio egiten dela helarazi du Poxpolok: «Ni pailazo sentitzen naiz ezer baino lehen. Lan egin dezaket telebistan; besteek trenak egiten, irratian edo okindegian egingo dute lan, baina lehenengo pailazoak gara, goizean jeikitzen garenetik, gauean oheratzen garen arte; eta lo gaudenean ere, pailazo izaten jarraitzen dugu».
Lagun taldea lanean
Poxpolo eta konpainia lan taldean, normalean zazpi lagun aritzen diren arren, gaurko emanaldirako beste hainbat lagun elkartu dira eurekin: «Gure izenak arropak eta dekoratuak josten, Udaberriko lagunak, kuadrilako lagunak, koinatuak trasteekin laguntzen, emazteak, neska lagunak, eta abar izango dira gurekin. Hogei lagunetik gora ariko gara Leidorren, eta horregatik diot sekula baino konpainia handiagoa izango duela Poxpolok gaur».
Emanaldiak prestatzeko astero-astero biltzen den lantaldearentzat, hitz ederrak besterik ez ditu pailazoak: «Lan talde zoragarria dugu, eta lagun taldea gara. Astero elkartzen gara, eta guztiok egiten ditugu gure ekarpenak, abestiak, esketxak eta guztia, erabakitzeko».