Eskuekin erein eta jasotako lana argazkietan bildu dute

tolosa 2011ko abenduaren 21a

Baserritik Zerkausira erakusketa larunbatero Zerkausian baserriko produktuak saltzen dituzten hainbat ekoizleri egindako erreportajea da. Targarki taldeko 12 lagunek egin duten lehen erakusketa da, eta 157 argazkiz osatu dute. Larunbatean inauguratu zuten, eta urtarrilaren 21a bitartean egongo da ikusgai Aranburu Jauregian, 17:30etik 20:30era, astelehen eta jai egunetan izan ezik.

Targazki taldea, Raul Aguerre, Miren Atxaga, Josema Cortés, Mesta Ebadi, Agustin Ezeiza, Asier Garagarza, Julen Legorburu, Koldo Lopetegi, Javier Ortiz, Iñaki Otegi, Iñaki Ugartemendia eta Idoia Zabaletak osatzen dute. Taldeko kide bakoitzak argazkilaritza norberaren eran bizitzeko gunea aurkitu duela azaldu dute taldeko kideek. «Helburua dokumentala eta didaktikoa da gehienbat. Azokako erosleei mahaira iristen zaizkien jakien jatorria eta ibilbidea erakutsi nahi diegu, baserritarren lanari merezi dituen garrantzia eta duintasuna emanez».

Erakusketa honen bitartez, omenaldi xume bat egin nahi diete jakien ekoizpena bizimodu egin dutenei.

Baserrietako ateak zabaldu dizkietelako, eskerrak eman nahi dizkiete proiektuan parte hartu duten ekoizleei. Azkoitiko Mokoroa baserria; Tolosako Aldaba Zahar elkartea; Berrobiko Teileri baserria; Anoetako Txabola; Tolosako Etxetxo baserria; eta Ibarrako Montes baserria. Era berean, eskerrik asko laguntza eman diguten erakunde eta enpresei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!