Auzo lokalak, kultur azpiegitura eta estalkiak plazan, udalaren proiektua Larramendirako

Ataria 2011ko abenduaren 15a

Larramendi auzoaren inguruko bere proiektua aurkeztu zuen Tolosako Udalak Topic-en egindako herri batzarrean. Larramendi errepidearen lurperatzea ez egiteagatik 2,5 milioi euro egongo lirateke eta horiekin zer egingo den azaldu zuten. Alde batetik, oraindik egin gabe dagoen eraikinaren behe solairua izango luke udalak, 500 m2 ingurukoa, eta bertako erabilera Larramendiko auzo elkarteak erabakiko luke. Bestalde, Arkaute parkeko etxea, egun Gurutze Gorria dagoena, eraberrituko litzateke eta eraikin bat gehituko litzaioke, 800 m2 ingurukoa. Azpiegitura guztia kultur ekintzetara bideratuko litzateke. Horrez gain, etxebizitza eraikin berrien arteko plazan estalki batzuk jarriko lirateke. Bestalde, errepidearen erdialdean ibilgailuak mantxoagoa joateko aktuazioa egingo litzateke, egun Trianguloa plaza eta San Frantzisko etorbidearen hasieran dagoenaren antzekoa. Proiektu horrek ez luke suposatuko etxebizitza gutxiago egitea.

Topic-eko aretoa guztiz bete zen proposamenaren berri izateko. Udalaren proiektuaz gain, egun onartuta dagoenaren berri eman zen ere, hau da, lurperatzea barne hartzen duena. Bi proiektuen azalpena Fiark estudioko kide batek egin zuen. Ibai Iriarte alkatea bertan izan zen, eta besteak beste, udalaren proposamena irekia dela azaldu zuen, bai auzo elkartearen lokalaren erabilera motari, bai kultur azpiegituraren erabilerari, eta baita estalki motari dagokionez ere.

Bileran bi arkitektoren parte hartzea izan zen ere. Udalak aholkua eskatu dio Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialari, eta honek Alex Peña eta Esteban Garcia arkitektoak izendatu zituen bi proiektuen inguruko iritzia emateko. Hauek bileran azaldu zutenez, lurperatzearen proiektua ez dute egokia ikusten. Lurperatzearekin oinezkoentzat espazioa irabazten dela zehaztu zuten, baina proiektua osotasunean ikusirik «proportzionaltasun irizpidea» kontuan hartu behar dela esan zuten. « Bide bat lurperatzea bezalako aktuazio urbanistikoak egiten direnean, zerbait ezin gaindituzkoa dagoenean egin ohi dira; trenbide bat, adibidez».

Lurperatzearen aldekoak

Herri batzarrera joan zirenen artean, gehientsuenak lurperatzearen aldeko bizilagunak izan ziren. Egindako galdera eta emandako iritzi gehienak lurperatzea egitearen ikuspuntutik izan ziren. Udalak herritarrei urbanizazio proiektua erabakitzeko aukera ematea goraipatu zuena ere izan zen.

Lurperatzearen alde dauden bizilagunek astelehenean bilera batera deitu zituzten auzokideak kultur etxean, bere argudioen berri emateko. Jende ugari izan zen bertan ere. Argudio horiek ere plazaratu zituzten Topic-eko bileran. Besteak beste, etxebizitza berriak erosterakoan egungo proiektuaren urbanizazioa ere ordaindu dutela eta bere eskubidea dela proiektu hori gauzatzea esan zuten.

Horrez gain, lurperatzearen kontrako iritzia orain gutxi sortutakoa dela esan zuten bizilagunek: «Ezker abertzaleak epaitegietara eraman zuena bolumetria izan zen, hau da, etxebizitza kopuru handiegia zegoela. Lurperatzea ez da hika-mikan egon inoiz. Orain etxebizitza kopuru hori zerbait gutxitzeko lurperatzea erabili nahi da txanpon trukaketa modura, lurperatzeari eragozpenak bilatuz. Inork ez zion lurperatzeari helegiterik jarri, ezta zalantzan ipini».

Lurperatzeari buruz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007an argitaratutako urbanizazio proiektuaren memoriaren zati bat nabarmendu zuten. Bertan esaten denez, «antolaketa berriarekin, egun Larramendi kaleak suposatzen duen barrera kendu nahi da, bi aldeetako bizilekuak lotuz errepidearen zati baten lurperatzearekin eta elkartzeko elementu bezala sortuko litzatekeen plaza handiarekin».

Bizilagun hauek ere lurperatzeari ikusten dizkioten «onurak»  nabarmendu zituzten: «83 metro zabaleko zubia eta aisialdi gune handi bat sortzea; oinezkoentzako 1.000 m2ko onura tolosar guztiontzat; eta 1.000 etxebizitza plaza handi baten bidez loturik eta ez errepideak bananduta».

Hurrengo pausoak

Hemendik aurrera zabaltzen den prozesuaren inguruan batzorde bat bultzatu du udalak. Topic-en egindako bileran, batzorde horretan parte hartzeko deia zabaldu zuen alkateak. Zenbait bizilagunek izena eman zuten bertan.

Prozesu horretan herri batzar gehiago egin behar diren erabaki, informazioa nola zabaldu eta erreferenduma prestatzea landuko lirateke, besteak beste. Ibai Iriartek zehaztu zuenez, erreferendumean Larramendi auzoko bizilagun guztiek parte hartuko dute, hau da, Larramendi zubitik hasi eta gasolindegira bitarte bizi direnak. Bestalde, proiektu bat edo bestea egingo den sei hilabeteko epean erabakiko dela esan zuen alkateak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!