Sortzez Garbiaren eguneko kontzertu berezia eskaini zuten atzo eguerdian, udaletxeko arkupeetan, Udal Txistulari bandako kideek. Guztira zortzi pieza eskaini zituzten. Rataplan biribilketarekin hasi zuten emanaldia. Jarraian, Ansorenaren Beti nigan gertu izeneko zortzikoa jo zuen txistulari bandak. Migel Gonzalez egilearen Martxa Heraldikoak piezarekin jarraitu zuten, eta lehen zatia Ansorenak moldatutako Goizuetarekin amaitu zuten. Iradi izeneko arin arin batekin hasi zuten kontzertuaren bigarren zatia. Jarraian, Gontzal Mendibilen Bagare Bagara ezaguna eskaini zuten txistulariek, eta Mikel Laboaren Txoria txori ere interpretatu zuten. Sortzez Garbiaren eguneko kontzertu berezia, azkenik, Xabier Leteren Habanera doinuarekin amaitu zen.