Gaur eguerdian aurkeztu dute, datorren abenduaren 5etik 8ra bitarte Tolosan ospatuko den Txuletaren Festa. Aurreko urteetan bezala, erretegietako menua eskainiko dute txuletarekin, baina bada berrikuntzarik: burruntzian erretako txekorrarekin afaria izango da abenduaren 5ean, Zerkausian.
Goiz erdian hasiko dira, datorren astelehenean, euskal labeldun txekorra burruntzian erretzen. Zerkausian erreko dute, gaueko afarirako prest eduki ahal izateko. Horrela, iluntzean afaltzera bertaratu nahi dutenek, 20 euroko prezioa izango dute honako menua: osterzuri edo eskarola entsalada fruitu lehor eta mahaspasekin, txekor errea, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Edaria eta kafea ere menuarekin batera izango dituzte bertaratuek.
Parrilan egindako txuleta dastatu nahi dutenek, berriz, abenduaren 6tik aurrera izango dute aukera, Tolosako lau txuleta erretegiren eskutik: Orue, Burruntzi, Nikolas eta Julian erretegietako arduradunak ariko dira Zerkausian, txuletak prestatzen. Bazkariak hilaren 6an eta 8an izango dira, eta abenduaren 7an, berriz, afaria izango da Zerkausian. Menuak 45 euroko prezioa izango du, eta aurreko urteetako jaki bertsuak izango dira dastagai: unean bertan moztutako urdaiazpikoa, Joxe M. Barriolarena; Tuterako kukuluak; Pedro Luis kontserba etxeko Lodosako esparragoak; Alejandro Goya eta Carnicas Goyaren txuletak, Antton Arronizen Lodosako piperrekin; Tolosako Martin-Txiki eta Berastegiko Larteko Idiazabal gazta; Casa Eceizako teilak eta zigarroak eta Gorrotxategiko xaxuak. Era berean, Viña Laguardia upategiko aukeratutako mahastietako ardo ondua, Isastegi eta Eguzkitzako sagardoa, Insaluseko ura eta Cafes Zabalak eskainitako kafea ere izango dituzte.
Zerkausiko mahaikideei jakiak zerbitzatzen, berriz, Belauntzako Mundo Delicia enpresako langileak ariko dira, Tolosako Adiskideek Saskibaloi Kirol Elkarteko kideek lagunduta.
Bazkaltzeko nahiz afaltzeko erreserbak Tolosaldea Tour-en egin daitezke oraindik, bai 943 69 74 13 telefonora deituz, eta baita tour@tolosaldea.net helbide elektronikora idatziz ere.
Zerkausiko jantokiaz gain, ordea, aipatzekoa da, herriko beste zazpi jatetxek ere menu bera eskainiko dutela astelehenean hasita ostegunera bitarte, prezio berean; bazkari nahiz afari orduan dastatu ahal izango da menua, gainera. Honakoak dira erretegiko menua eskainiko duten jatetxeak: Astelena (943 65 09 96), Berazubi (616 82 37 07), Beti Alai (943 67 19 20), Bide Bide (943 57 75 53), Botarri (943 65 46 88), Olazal (943 68 12 28) eta Usabal (943 67 43 16).
Puntista profesionalak
Txuletaren festarekin batera, zesta punta ere izango da datorren astean Tolosan. Abenduaren 6an, Beotibar pilotalekuan, 16:30ean hasiko da ekitaldia, Beotibar zesta punta eskolako gazteekin kinielak eginez. 17:00etan profesionalen lehen partida hasiko da: Garcia- Minvielle bikotea ariko da Treku-Alliez I bikotearen aurka. Partida hau amaitzean, Jose Inazio Elola zenari omenaldia egingo diote, eta ondoren izango da profesionalen bigarren partida: Egiguren II.a eta Konpa Oiharan eta Hernandezen aurka ariko dira.
Dendak zabalik asteartean
Era berean, aipatzekoa da, Txuletaren Festa dela, eta herriko zenbait komertzio zabalik izango direla datorren abenduaren 6an, 11:30etik 13:30era, eta 18:00etatik 20:00etara.