Aurtengo Babarrunaren Asteak berezitasun bat izango du: Tolosako babarrunaren ekoizleen lehiaketan gastronomiaren inguruko zazpi blogari izango dira epaimahaian, eta epaitzeaz gain, beren blogetan lehiaketaren jarraipena egingo dute. Beraz, internet bitartez bisita egingo dutenak kontuan hartuta, Babarrunaren Astean 150.000 bisitaritik gora izango direla esan dute antolatzaileek.
Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute ekimenaren aurkezpena. Bertan izan dira Jon Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko foru diputatua, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Asier De los Rios zinegotzia, Mari Karmen Iradi Babarrun Elkarteko lehendakaria eta Jose Carceller Tolosako Babarrunaren Kofradiako kidea. Iriartek Babarrun Elkartekoak zoriondu ditu: «Beraiek izan ziren altxor honen balioaz ohartu eta elkartearen bidez lanari ekin ziotenak». Tolosako alkateak Babarrunaren Asteak dituen «sustrai sendoak» nabarmendu ditu, kontuan izanik egongo diren bi lehiaketak hogei urtetik gora dituztela dagoeneko. Jon Uriguenek bertako produktuak zabaltzeko teknologia berrien erabilpena azpimarratu du. «Asteburu erakargarria izango da», esan zuen, eta Foru Aldundiak bertako produktuak bultzatzeko apustua egiten duela gaineratu du.
Ekoizleen lehiaketa, azoka bereziarekin batera, larunbatean izango da, Trianguloa plazan. Hiru sari banatuko dituzte: lehenengoari 200 euro, txapela eta garaikurra emango diote; bigarrenari, 150 euro eta garaikurra; eta hirugarrenari, 100 euro eta garaikurra.
Epaimahaian parte hartuko duten blogariak ondokoak izango dira: Txaber Allue, www.elcocinerofiel.com; Cristina Martinez, garbacinta.blogspot.com; Andoni Munduate, www.thegluttonclub.com; Javier G&C eta Mar G&C, www.gastronomiaycia.com; Rafa Prades, www.cocina.es/blogs/conloscincosentidos; Iñigo Galatas, blogs.diariovasco.com/sopadeganso; eta Astrid Gabilondo, www.miblogdepintxos.com.
Enkantea
Ohikoa denez, sari banaketaren ondoren, irabazlearen babarrun lakari bat, hiru kilo zehazki, enkantean jarriko da. Iaz Joxe Mujika izan zen irabazlea eta 2.200 euro ordaindu zituen Solbes Gourmetek lakariarengatik. Dirua Maliko eskola batera bideratu zen eta aurtengoan ere hara joango da.
Azoka berezian, babarrun ekoizleen postuez gain, baratzeko beste hainbat produktu izango dira salgai: Ibarrako piperrak, barazkiak, fruta, odolkiak, gazta, ardoa, patea, eztia,... Tolosako Babarrunaren Kofradiak ere bere parte hartzea izango du. Izan ere, 25 kilo babarrun prestatuko dituzte eta jendearen artean 800 anoa baino gehiago banatuko dituzte. Janari laguntzeko, Eguzkitza eta Isastegiko sagardoa edateko aukera izango da. Babarrun bazkariak ere ez dira faltako, Ezpeleta elkarteko hainbat tabernatan 500 bat bazkaldar izango baitira.
Larunbateko beste ekimena, Txinparta elkarteak antolatzen duena da: txapela nork jantzi ondoen lehiaketa. Aurten, hamabigarren aldia izango da. Elkartean bertan egingo dute, Arostegieta elkartean, eta hainbat maila izango dira.
Lehiaketa gastronomikoa
Igandean ere Tolosako babarruna goraipatzen jarraituko dute. Izan ere, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, bi ekimen egingo dituzte. Alde batetik, herri bazkaria Zerkausian. Menuko protagonista, noski, babarruna izango da. Baina ez nolanahikoa: aurreko egunean ekoizleen lehiaketa irabazi duenaren aleak erabiliko dira. Izena emateko 607 672 709 telefono zenbakira deitu behar da, 19:00etatik 21:00etara, edo igandean bertan, 10:00etatik aurrera, Trianguloan egin daiteke. 500 lagunentzako prestatuko dute bazkaria.
Goizetik, lehiaketa gastronomikoa egingo dute 21 elkartek. Kilo bat babarrun erabiliko dute elkarte bakoitzeko kideek, hau ere ekoizle irabazlearen baratzetik ateratakoa. Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz eta David de Jorge sukaldariak izango dira epaimahaiko kideak.
Babarrun Astearekin bat egingo duen beste egitasmoa artisautza azoka izango da. Bihar, larunbatean eta igandean, 13 artisau postu izango dira San Frantzisko ibilbidean. Horien artean hiru eskualdekoak dira: Bidaniako Kiara, Hernialdeko Testone eta Larraulgo Betiarte.
Aurtengo babarruna, hamabi eurotan
Aurtengo urtea oparoa izan dela azaldu du Mari Karmen Iradi Babarrun Elkarteko lehendakariak. Krisia dela-eta erosketa errazteko, hamabi euro inguruan salduko dute babarrun kiloa, iaz baino euro bat merkeago. Guztira 28,5 hektarea erein dira, eta iazko uzta berdintsua jasotzea espero da, 30.000 kilo. 55 ekoizle daude elkartean eta bataz beste, 4.800 metro karratuko, 500 kiloko ekoizpena izango dute.
Babarrunaren Asteko egitaraua
Azaroak 18
17:00-20:30. Artisautza azoka San Frantzisko ibilbidean.
Azaroak 19
09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloan.
11:30. Txapela nor ondoen jantzi XII. lehiaketa, Txinparta elkartean.
12:00. Tolosako Babarrun Kofradiaren eskutik, babarrun dastatzea.
13:00. Tolosako babarrunaren ekoizleen lehiaketaren sari banaketa. Ondoren, irabazlearen babarrun lakari baten enkantea.
14:00. Babarrun jatea Ezpeleta elkarteko hainbat tabernetan.
10:00-14:30 eta 16:30-20:30. Artisautza azoka San Frantzisko ibilbidean.
Azaroak 20
14:30. Herri bazkaria Zerkausian, Gure Kaiolaren eskutik.
16:30. Lehiaketa gastronomikoaren sari banaketa.
11:00-14:30 eta 16:30-20:30. Artisautza azoka San Frantzisko ibilbidean.