Tolosa Goxua azoka egin dute gaur goizean Tolosako Triangelu plazan. Jendetza bildu da gozoek erakarrita. Izan ere, aukera ikusgarria izan da azoka osatzen zuten postuetan. Bizkaiko gozogileei omenaldia egin zaie aurten, eta hori dela eta, bertako gozorik tradizionalena den karolina banatu dute herritarren artean. Herriko gozogileak izan dira 4.000 karolina egiteko arduraduna izan dutenak. Tolosa Goxua azokak bestalde, Gazta Tarta lehiaketa ere hartu du, ohiko moduan. Parte hartzaile ugari izan ditu ekimenak. Bakoitzak bere tarta eta hau egiteko erabili duen errezeta erakutsi beharra izan dio epaimahaiari. Irabazlea Tolosako Uzturre asistentzi gunea izan da, eta bigarren Errenteriako Puri Cuadradoren tarta geratu da. Bertako nahiz kanpotik etorritakoen gozoak dastatzeko parada egokia, beraz, gaur Tolosan.