Pedro Arrillaga: «50 barrengorri espezie bildu ditugu Euskal Herrian»

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko urriaren 20a

Perretxikoei buruzko hainbat liburu idatzitakoa da Pedro Arrillaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko zuzendaria ere bada, eta gaur iluntzean, hitzaldia eskainiko du barrengorri espezieei buruz, besteak beste.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko zuzendaria da Pedro Arrillaga. Kasino elkarteak antolatu dituen Mikologia jardunaldien barruan, Agaricus espeziearen, edo barrengorrien inguruko hitzaldia eskainiko du gaur, 20:00etatik aurrera, Idiakez jauregian.

Gaur eskainiko duzun hitzaldian zein ildo jarraituko duzu?

Funtsezko ideia Agaricus generoari buruz aritzea da; hizkera arruntean barrengorri deitzen diegunak dira hauek. Gure inguruan ordezkaritza zabala du genero honek. Duela urte batzuk, dozena erdi bat agaricus desberdin zeudela uste genuen, baina 50 barrengorri espezie desberdin biltzea lortu dugu. Espezie hauetariko batzuk sukaldaritzarako biltzen dira, baina gehienak ezezagunak dira helburu gastronomikoekin, mendian perretxikoak jasotzeko ohitura duen jendearentzat. Euskal Herrian jaso ditugun agaricusei buruz hitz egingo dut, eta beren inguruari buruz ere bai. Era berean, espezie hauek identifikatzeko moduak ere azalduko ditut, espezializatutako generoa den arren. Jarraian, espeziearen ezaugarri makroskopikoak nahiz hauek jaterako orduan kontuan izan beharreko ezaugarriak ere, hizpide izango dira.

Barrengorri edo agaricus hauen artean ba al da pozoidunik?

Agaricus taldearen barruan bada barrengorri pozoitsuen talde bat. Toxikotasuna ez da beste espezie batzuena bezain altua, baina sabeleko min galantak eta gorakoa sor dezakete. Talde hori karaktere makroskopiko sinpleen bidez identifika daiteke; espeziea zehaztea ez da hain erraza, baina usaimena eta ikusmena finduak izanez gero, agaricus toxikoak ezagutzea ez da lan zaila.

Mikologia eta bere inguruko kultura eskoletan irakasten zen duela urte batzuk. Gaur egun tradizio hori galdu egin da edo informazio gehiago dugu?

Orain dela urte batzuk, familiako tradizioagatik irakasten zitzaien haurrei, perretxikoak identifikatzen. Familia osorik joaten zen mendira, eta jateko perretxikoak biltzen zituzten, guztiek batera. Espezie jangarrien ezagutza, beraz, gurasoetatik seme-alabetara pasatzen zen; perretxiko jangarrien ezagutzaren jatorria hau dela esan daiteke. Espezie toxikoak, ordea, ez ziren hain ondo ezagutzen, eta ondorioz, gaur egun ere perretxiko toxikoak kontsumitzen dira zenbaitetan, hutsegiteak direla eta. Hala etaguztiz ere, ezagutzari dagokionez, gaur egun askoz ere informazio gehiago dugu orain dela urte batzuk baino; askoz ere maila altuagoan ari gara lanean gaur egun. Orain jendeak informazio gehiago du, eta baita ezagutza hobeak ere. Era berean, baliabide eta aukera handiagoak ditugu espezieak identifikatzeko zentroetara joan, eta bertan laguntza eskatzeko. Neska-mutil gazteei ere, zenbait ikastetxetan behinik behin, irakasle batzuek mikologiaren oinarriak irakasten dizkiete, eta onddoenganako interesa pizten saiatzen dira. Beraz, duela urte batzuk istripuren bat izateko aukera gehiago zeuden. Egia da, kontsumitu ere, gutxiago kontsumitzen zela lehen.

Informazioa izan arren, perretxikoekin jendeak behar besteko kontua izaten al du?

Jende ausarta beti izanda, bada eta izango da gero ere. Egia esan, ez dakit batzuetan perretxiko biltzaileek nola jaten dituzten zenbait espezie; zer diren argi jakin gabe kontsumitzen dituzte, eta batzuetan intoxikatu egiten dira. Bitxiena, gainera, zera da, intoxikatzen direnetako askok, badaezpada ere, jan duten perretxikoaren laginen bat eramaten dutela, konponbidea errazago aurkitzeko. Nire uste, espezie toxiko bat jateak ez du merezi. Eta noski, ale bat gordetzen duenak zalantzaren bat badu.

Perretxikoak kiloka biltzen dira udazkenean. Gehiegizkoa al da?

Mugak batzuk badira bilketa arautzeko. Hala ere, eremuaren araberakoa da; Gipuzkoan, adibidez, egun bakoitzean 5 kilo bildu ditzake pertsona bakoitzak. Nire ustez, hau gehiegizkoa ere izan daiteke, hiru lagun batera joaten badira, perretxiko asko biltzen baitituzte. Onddoek halako arrakasta lortzeak, basoko onddoen komertzio indartsua sortzea ekarri du, eta hau ere arauak jarraituz gauzatu behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!