Umorez hasi zen pasa den iraila bukaeran, eta umorez amaituko da gaur gauean, Zikloia! antzerki jaialdia. Alex Rabanal bakarrizketalariak emanaldia eskainiko du Kikara tabernan.
Lanbidez gidoilaria da Rabanal, eta baita bakarrizketalaria ere. Eguneroko bizitzako gertaeretan nahiz paranoia surrealistetan oinarrituz, bakarrizketetan kontatzeko istorioak asmatzen ditu. Ironiaz eta umoreaz janzten ditu gero, jendarteratzeko.
Esperientzia zabala oholtzan
Rabanalek hainbait urte daramatza ikuslegoari barrea eragiten. Espainiako taberna, lokal nahiz antzokietako zirkuitu komikoetan ohiko bakarrizketalaria izaten da Alex Rabanal. Era berean, EITBko Más humor telebista saioan ohiko kolaboratzaile izandakoa da, beste hainbat saiotan bezala: LaSextako Un país de chiste saioan, Teledonostiko El Café de los Artistas programan, Canal Euskadiko Humor Vascon eta Herri Irratiko El desván saioan.
Umorista gisa ere hainbat sari irabazitakoa da bakarrizketalaria. Localia TVko bakarrizketen lehiaketakofinalera iritsi zen, eta Paramout Comedy-k antolatzen duen Comedy on the rocks bakarrizketa lehiaketan ere bai.
Azkenik, aipatzekoa da Revista escaparaten bere testuak argitaratzen dituztela, eta Beasainen ospatu zen bakarrizketen I. Lehiaketan antolatzaile nahiz aurkezle lanetan aritu zela.
Umorea zabaltzeko lan horretan, ordea, Alex Rabanalek ez ditu antzokiak edo oholtzak bakarrik hartzen. Familia bilkuretan, afarietan eta antzekoetan ere aritzen da txisteak eta bakarrizketak kontatzen.
Umorearen zikloa
Hilabete iraun du Intujai Teatro taldeak, Alde Zaharreko tabernarien Ezpeleta elkartearen laguntzaz antolatu duen Zikloia! antzerki jaialdiak.
Orbela, Iratxo nahiz Kikaratabernaz gain, Plaza Berria eta kultur etxea ere eszenatoki izan dira. Alex Rabanal Kikara tabernan ariko da gaur, 23:00etatik aurrera.