Makina hitza hartu eta Box.A arte elkarteko kideek eta GKo galeriakoek erakusketa egin dute Aranburu jauregian. Makinen eta pertsonen arteko harremanak eta antzekotasunak esploratu dituzte erakuslekua bera ere baliatuz.
Erakusketaren izenburuan hitzarekin jolastu dute, Garikoitz Murua GKo galeriako kideak azaldu duenez: «Makina-tu izena jarri diogu. Makina hitza erabiltzeaz gain, gazteleraz ‘maquinar’ hitzaren esanahia ere sartu dugu, hau da, pentsatzea». GKo galeriak hitzarmena egin zuen Tolosako Udalarekin, Aranburu urtean behin erabili eta sormen lanei lekua egiteko. Tolosako Box.A elkarteko artistek eman diote forma aurtengo erakusketari. Azaroaren 5a arte egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.
Erakusketan sartu eta berehala, hiru pantailatan ematen den proiekzio batekin egiten du topo bisitariak. Erloju baten irudiak eta bere barruko tresneriak ikusten dira. Aritz Murua eta Joseba Mercader izan dira sortzaileak. «Makina eta denbora lotuta daudela erakusten du», dio Garikoitz Muruak instalazioari buruz. «Erlojua eta bere barruko mugimendua islatzen dira».
Lehenengo gelan, ilaran dauden torlojuz beterik dago lurra. «Ia lau mila jarri dituzte, sekuentzia bat jarraituz», dio Muruak. «Torlojua erabili dute, makinaren esentzia gisa hartu baitaiteke. Makinen eta gizakien arteko lotura zuzena azaltzen du lanak. Makinak produkzio konstante bat egiteko erabiltzen dira eta gizakia ere makina bihurtu da produkzio horretan». Xabi Xtreme eta Vanessa Alzate izan dira obraren egileak.
Beste gela batean, hilkutxa bat dago, eta hainbat bonbila, piztu eta itzali egiten direnak. «Descartesen Pentsatzen dut, beraz, banaiz esaldian oinarrituta, ideiak sortu eta desagertu egiten direla irudikatu da obra horretan», azaldu du Muruak. «Nahiz eta pertsona hilda egon, pentsamenduak jarraitzen du».
Hormak ere erabili dituzte
Bi gela handienen aurretik dagoen espazioan, torlojuari buruzko dokumental bat jarri nahi zuten. «Ez dugu topatu», dio Muruak, «eta Charles Chaplinen Garai modernoak filma jarri dugu, gaiarekin lotura duelako».
Lehenengo gela handian, Susana Segurolak eta Irungo Inwoko artistak egindako lana ikusi daiteke. Pentsamendu infinitoaren diagrama izena jarri diote obrari. «Buruaren barnea bailitz hartu dute gela, eta zinta beltz batekin pentsamenduak egiten duen mugimendua irudikatu dute», esan du GKo galeriako kideak. «Pentsamenduaren ezegonkortasuna islatu dute».
Azkeneko gelan, erakusketako artista gonbidatuaren lana dago ikusgai. NKDM du izena, eta ilustrazioan, diseinuan eta graffitiak egiten aritzen da. «Bere estiloari jarraituz, gelaren paretetan makinak eta pertsonak nahasten dituen marrazkiak egin ditu», dio Muruak. Artistaren zenbait serigrafia ere ikusgai daude gelan bertan. Horrez gain, GKo galerian beste hainbat koadro jarri ditu NKDM-ek.
Aranburu jauregia bera erakusketarako erabili izana nabarmendu du Muruak: «Orain arte erakusketa klasikoak jarri izan dira. Beste ikuspegi bat eman diogu espazioari, paretak erabiliz eta instalazioak eginez».
Erakusketan bisita gidatuak egiteko aukera dago. Asteartetan eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara, bertan izango dira Box.A eta GKo galeriako kideak. Egun eta ordu tarte horretan, arte tailerra ere egiteko aukera izango da. Gela batean, hainbat materialez betetako potoak daude. Horko materiala erabiliz eta gai baten inguruan, kartulina batean collage bat egin eta gero horman itsasten dute.