Mendigoizaletasunari begirada desberdina eskainiko dio Iñurrategik

tolosa 2011ko irailaren 27a

Mendigoizaletasuna ulertzeko beste ikuspegi bat oinarri hartuta, Porrotaren alde solasaldia eskainiko du Alberto Iñurrategik, urriaren 14an. Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, Oargi elkartean izango da hitzaldia. Josu Iztuetak prentsaurrekoan azaldu duenez, «mendiak, kirolak eta euskarak bat egiten duten elkartea delako» aukeratu dute Oargi, ekimen hau gauzatzeko; euskararekin nahiz gonbidatuarekin lotura duen lekua delako hautatu dute elkartea, beraz.

Alberto Iñurrategiren anaia, Felix Iñurrategi, duela hamaika urte hil zen mendian. Ordurako Aretxabaletako anaiak ezagunak ziren, eta Albertok kirol horretan jarraitu du urte hauetan guztietan. Hala ere, Iztuetaren arabera, «Alberto Iñurrategi ez da sekula mendizale mediatikoenetarikoa izan».

Beste begirada bat mendiari

Alberto Iñurrategik, bere anaia Felixekin batera, bikote ezaguna osatu zuen mundu mailan. Elkarrekin igo zituzten hamabi zortzimilako, oxigenorik gabe. 2000. urtean, ordea, Felix Iñurrategi anaiak istripua izan zuen Pakistan iparraldeko mendi batean. Gertaera honen ondoren, Alberto Iñurrategik mendigoizaletasunarekin jarraitzea erabaki zuen, eta hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2002an; munduko hamargarrena iza zen hau lortzen.

Gaur egun, ordea, mendiak igotzeko modu berezia du Iñurrategik. Galtzaundi aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko duten elkarrizketan dioenez, porrotaren aldeko apustua egiten du orain. Nolabait, Iñurrategik uko egin die, nahitaez gailurrera heltzeko helburua duten espedizioei. Josu Iztuetak dioenez, gailurra lortzeko oso aukera gutxirekin igotzen du mendia, beste modu batera. Horrela, beraz, Alberto Iñurrategirentzat «bidea da garrantzitsuena, eta gailurra horren saria da, ez alderantziz».

Hitzaldia eta gogoeta

Pentsakera edo filosofia honen inguruan ariko da Iñurrategi Oargiko hitzaldian. Dena den, ekitaldiak ez du ohiko formatua izango, Galtzaundiko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, Iñurrategik berez areto txikietan ematen ditu hitzaldiak.

Galtzaundi Euskara Taldearen eta Oargi elkartearen helburua, Xabier Amurizaren bertso afari umoretsuarekin egin zen antzeko zerbait antolatzea izan da. Hasieran, hitzaldia eta diapositiba emanaldia izango dira, eta afaria etorriko da ondoren. Afalostean, Iñurrategik aurretik esandakoen inguruan gogoeta egiteko aukera izango dute bertaratuek, eta galderak egin ahal izango dizkiote.

Era berean, hitzaldian pasa den udaberrian hasitako esperientzia berriaz ere ariko da Iñurrategi kirolaria.

«Bera ezagunagoa da Himalayan burutu dituen espedizioengatik», Iztuetak dioenez. Pasa den udaberrian, ordea, Groenlandian izan zen, eta udazkenean Antartidara doa, 70 egunerako. Modu honetara, mundu bertikala utzi eta mundu horizontalera pasa da.

Txartelak salgai

Urriaren 14an, 19:30ean hasiko da Porrotaren alde hitzaldia. Lehen zatia 45 minutukoa izango da, gutxi gorabehera, eta afaria izango da gero. Afalondoan sortzen den solasaldia amaitzeko, berriz, antolatzaileek ez dute ordurik jarri.

Hitzaldira joan nahi dutenek, aukera dute jada txartelak eskuratzeko. Xirimiri eta Orbela tabernetan daude eskuragarri, eta baita Galtzaundiko erredakzioan bertan ere, 25 euroren truke. Azkenik, antolatzaileek argi utzi nahi izan dute deialdia irekia dela, eta mendiaren munduan aditu ez direnek ere gozatzeko aukera izango dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!