Euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian, Trianguloa plazan. Epai politikorik ez, eskubide guztiak guztiontzat lelopean, hainbat lagun eta ordezkari elkartu dira.
Bertaratuek "Bateragune auzian epaitu eta kondenatuak berehala eta baldintzarik gabe aska ditzaten" eskatu dute. Era berean, "Garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik ere, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan. Horregatik, epaituei gure elkartasun eta babesa helarazi nahi diegu" gaineratu dute.
Gehiengo sindikalak euskal gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa berretsi du. Horretarako, euskal langileriari dei egiten diote, "helburu honekiko bere konpromisoa areagotu dezan", eta "Bateragune kasuan prozesatutako pertsonen aurkako epaia gertakari bereziki larria da eta lekuz kanpo dago, are gehiago atxilotutako pertsonak gatazka hau gainditzeko lanean ibili direlako euren praktika politikotik" gaineratu dute. "Beharrezkoa da Estatuaren jarduerak ardaztu dituzten errepresio eta justiziaren instrumentalizazio estrategiak gainditzea; estrategia horien emaitza oraingoan ere epai guztiz bidegabea eta tokiz kanpokoa izan da. Honi lotuta, euskal gizartea adierazpen eta parte-hartze politikorako eskubideak babestuko dituzten normalizazio politikorako bideak eskatzen ari da".
Bukatzeko, eta elkarretaratzeak deitu dituzten sindikatuok, "dei egiten diogu gizarteari orokorrean, eta bereziki langile klaseari epai honen aurkako gaitzespena adieraz dezaten".