Hilabetean behin, eta 25 minutuko saioa osatuz, Iñigo Asensio kazetari tolosarrak BAT Basque Team-eko euskal kirolari olinpiarrei buruzko saioa aurkeztuko du. Saioa herenegun hasi zen, Londresko Olinpiar Jokoen irekiera ofiziala baino urte bete lehenago, hain zuzen.
Goi mailako euskal kirola nazioartean sustatu eta babesten duen BAT Basque Team erakundeak, Kontrol Z ekoizpen etxearekin elkarlanean sorturiko proiektua da BAT to London 2012 saioa. Saio berri honetan, euskal kirolari olinpiarrak eta paralinpiarrak izango dira protagonista; olinpiar jokoetarako sailkatu diren edo sailkatzeko aukera duten kirolarien jarraipena egingo dute.
Besteak beste, kirolariek olinpiar jokoetarako sailkapena lortzeko jokatzen dituzten Europako nahiz munduko txapelketak ikusi ahal izango dira, eta baita entrenamendu metodoak edo lesioen errekuperaketen azalpenak ere. Dena den, kirolaren beste aurpegi bat ere ezagutu ahal izango da. Horrela beraz, kirolariei eurei, hauen prestatzaileei, senideei edo garai batean olinpiarrak izandako euskal kirolariei elkarrizketa egingo dizkiete saioan.
Proiektu honekin, 25 minutuko 12 saio burutuko dituzte, hilabeteroko maiztasunarekin, eta Londresko Olinpiar Jokoen hasierarekin amaituko da saioa.
Kirolarien erakundea
BAT Basque Team-ek goi mailako euskal kirolaren garapena bultatzea du helburu. Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bitartez, eta Euskal Irrati Telebistak bultzaturiko ekimena da. Hauez gain, eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua bereganatu duten ondorengo babesle pribatuak ere badira: Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial.