Bonberenea Ekintzak zigilupean, eta pasa den maiatza eta ekaina artean, Switch, Inde Kitxen, Glaukoma Sound System eta Dolce Tangana musika talde tolosarrek Sputnik 11 bilduma grabatu dute.
Atzo izan zen lanaren aurkezpena, Otsabi auzo elkarteak eta Bonbereneak eskaini zuten prentsaurrekoan. Diska aurkezteaz gain, datorren irailean ospatuko dituzten Izaskun auzoko jaiak ere aurkeztu zituzten. Izan ere, Sputnik 11 lanean parte hartuko duten lau taldeen kontzertua izango da jaietako ekimen nabarmenenetariko bat.
Glaukoma Sound System taldeko Juantxo Arakama abeslariak azaldu zuenez, "Sputnik 11 ez da diska bat bakarrik, proiektu bat da". Sekula estudio batean sartu gabeko gazteek grabatu dute lana, eta lanari izenburua ere hortik datorkio; Sputnik izan zen, 1957an, historian jaurtitako lehen satelitea, eta lau talde hauek musikaren mundura zabaltzea helburu dutenez, deitura hau baliatu dute bilduma izendatzeko. Era berean, Izaskun auzoko Sputnik plazak ere zeresana izan du izenaren aukeraketan.
Metal, reggae, rock eta ska doinuak bildu dituen proiektua erreferentzia izan dadin lortu nahi dute partaideek, "gure atzetik etorriko diren taldeei ere baliagarria suertatuko zaielakoan", dio Arakamak. Bonbereneak eta Otsabik musikaren alde betidanik egin izan duten apustuaren erakusgarri bat gehiago dela ere azaldu zuten, biei eskerrak emanez.
Diska aurkezteko bi emanaldi nagusi eskainiko dituzte. Lehenengoa bihar izango da, Bonberenean, 22:30ean. Sarrerak 8 euroko prezioa izango du, eta diska banatuko dute sarrerarekin batera. Bigarren emanaldia, irailaren 2an izango da, Izaskun auzoko festen egitarauaren barruan.