Aste honetan bildu dira festa batzordeko kideak, bordondantzariak eta kuadriletako ordezkariak, San Joan jaien inguruko balantzea egiteko. Parte hartzea nabarmendu dute, eta aurtengo jaiek balantze "oso baikorra" merezi dutela azaldu dute.
"Aurreko urteetako parte hartzea erruz gainditu" dela baloratu dute; bai eskopetarien alardean, baita kuadrila egunean ere, gero eta jendea gehiagok parte hartzen du. Modu honetara, eskopeta berrien beharra areagotu egi nda, eta datorren urteko jaiei begira, hausnarketa egin behar dela azaldu dute, konpainietako parte-hartzaile gehienek eskopeta berriak izan ditzaten. Era berean, kuadrila egunean 1.600 lagun bildu ziren Euskal Herria plazako bazkarian, eta "egun osoan zehar giro ederra nagusi" izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela beraz, aurten Larrain dantzarik izan ez den arren, datorren urterako berreskuratzea pentsatu dute; soka muturra ere, kuadrila egunera pasatzeko ideia aztertu beharrekoa iruditu zaie, arrakastatsuagoa izango delakoan.
Azkenik, ekitaldirik tradizionalenak baloratu dituzte. Udalak festen atarian azaldu bezala, datorren urterako erlijio kutsua duten ekitaldien inguruan hausnarketa egin beharko da; auzi honetan, herritarren iritzia "ezinbestekotzat" jo du udalak. Bordondantza eta tradiziozko aurreskuari dagokienez, aurten Zumardiaundia berreskuratu da, eta lorategien jaialdia dela eta, 20 dantzarik bakarrik danztatu ahal izan dute bertan. Datorren urterako, lekuaren inguruan ere hausnarketa egin beharko dela azaldu dute.
Hurrengo urtera begira, jai batzordea ahali eta zabalena izatea nahi duela azaldu du udalak, eta horregatik, parte hartzea bultzatu nahi du, "herritar guztien gustuetara egokitzeko".