Eskolako Agenda 21 ekimenaren baitan, Tolosaldeko II. topaketa izan zen atzo goizean, Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolan.
Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako ikaseek, irakasleek eta Tolosako Ingurumen Zentroko langileek parte hartu zuten, ikasturte honetan landu duten elikaduraren inguruko ondorioak, hausnarketak nahiz proposamenak aurkezteko ekitaldian.
Duela hilabete inguru, herri bakoitzeko ikastetxeetako ikasleak bildu ziren, herrikideen aurrean egindako lana eta hartutako konpromisoak aurkezteko. Atzoko topaketan, ordea, elkarrengandik oso gertu bizi diren gaztetxoen errealitateak desberdinak izan daitezkeela ikusi ahal izan zuten ikasleek: «aurtengo gaia elikadura izanik, Tolosan bizi den gazte batek, behar bada, supermerkatuan egingo du erosketa askotan; adin bereko Adunako gazteak, ordea, baliteke etxe ondoan duen baratzako produktuak egunero kontsumitzea», dio Tolosako Ingurumen Zentroko arduradun batek. Elikadurari dagokion errealitatea, beraz, oso desberdina izan daiteke kilometro gutxitan, eta hori helaraztea lortu nahi izan zuten atzoko ekitaldian. Horretaz gain, herrien arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea ere bultzatu nahi izan dituzte.
Elikadura aztergai
Aurten, aipatu bezala, elikadura izan da Eskolako Agenda 21en ardatz nagusia, eta ikasleek beren eskolako eta herriko diagnosia egin dute, horretarako zikloka atal desberdinak landuz.
Haur Hezkuntzako ikasleek, garaian garaiko fruituak eta barazkiak idetifikatzen ikasi dute, panel batzuen bitartez.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak, aldiz, elikadura osasuntsura begira aritu dira lanean, jateko ohiturak eta ariketa fisikoa bezalako gaietan sakonduz. Era berean, 3. eta 4. mailakoak herriko dendetako produktuak identifikatzen eta jatorri desberdinak ezagutzen aritu dira ikasturtean zehar. Azkenik, Lehen Hezkuntzako zaharrenek, 5. eta 6. mailetakoek, kontsumo ohiturak aztertu dituzte herritarrei egindako galdetegietatik abiatuta; bide beretik, nekazaritza ekologikoaz eta baserriaren ondare kulturalaz ere aritu dira.
Bigarren Hezkuntzan, kontsumo taldeak eta baserriaren etorkizuna izan dituzte hizpide alde batetik; bestetik, transgenikoak eta hauen inguruko legedia ere aztertu dituzte.
Azkenik, batxilergoko ikasleek emakumeek baserrian dituzten egitekoak aztertu dituzte, eta horrekin batera, gosea ere ardatz izan dute.
Datorren ikasturtean, biodibertsitatea izango da, ikasleek landuko duten gaia.