Bertsozaleentzako hitzordua izango da bihar gauean, Lizardi elkartean. Xabier Amuriza bertsolaria, Lazlao Txikiren azalean sartuko da, bertso afari umoretsua eskainiz. Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik, gaueko 21:00etan hasiko da bertso afaria.
Jenio bat gogora ekartzea
Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki Euskal Herriko bertsolaririk ezagunenetarikoa izan zen. Basarri, Uztapide, Mitxelena, Xalbadorrekin eta Mattinekin kantatu zuen sarri askotan. Azken honekin, bertso munduak eman duen bikoterik xelebreenetarikoa osatu zuen
Xabier Amurizak, «Lazkao Txiki jenio bat izan» zela dio, eta hori transmititzen gozatu egiten duela. Ordu eta erdian, haren bertsoak kantatuko ditu Amurizak. Lazkaotarraren bertsoak liburuetan bilduta dauden arren, Xabier Amurizak kantuaren bidez plazaratu nahi izan ditu, emanaldi honen bidez. Horrela beraz, Lazkao Txiki zenaren bertso aleen salekzio moduko bat egin du, bere estiloa eta izaera islatu nahian.
Lazkao Txiki oso ezaguna zen bere pasadizo eta txisteengatik ere, baina bertsolari moduan ezagutu nahi duenak, bat-baterako benetan zituen dohainez gozatu ahal izango du Lizardi elkartean egingo duten afariaren ondoren. Hitz batean bertsolaritzan eman dezakeen onenetarikoa entzungo dela dio Amurizak, «Lazkao Txiki onenetarikoa izan baita».