Tolosako Nazioarteko Lorategi Jaialdia ateak zabaltzear dago. Atzo aurkeztu zuten, eta larunbatean 18:00etan izango da Lorategi Jaialdiaren irekiera. 18:15ean, bisita gidatua egingo dute. Sei lorategi iragankorren egileak bertan izango dira, eta diseinuen inguruko azalpenak emango dizkiete bertaratzen direnei. 20:00etan, Arimaz orkestraren kontzertua entzuteko aukera izango da.
Euskadin lehen aldiz antolatu da honelako jaialdi bat. Udal ordezkariek Galiziako Allariz herrian ikusi zuten, eta Tolosara ekartzea erabaki zuten, Zumardiaundian kokatuz.
Goroldikoekin harremanetan jarri ostean, Gipuzkoa mailan ibiltzen diren sei adituri egin zieten gonbidapena jaialdian parte hartzeko. Arteak eta naturak bat egiten dute Lorategi Jaialdian, eta ekimen honekin Tolosa Europako lorategien jaialdien sareko parte izatea lortu nahi da.
Ikusi eta baloratu, lorategiak
Larunbaterako prest egongo dira lorategi guztiak. Tolosa izan dute gaia, eta ia guztiek paper fabrika eta Oria ibaiarekin lotu dute. Lorategi bakoitzak, sei hilabetez, hau da, urria bitartean, garapen ezberdina izango du. Bizia emango diote, landare eta lore ezberdinek.
Zuhaitzen Magia izango da lehena. Ane Barrutia eta Arantxa Iriartek egin dute, eta egurra eta inauteriak izan dituzte oinarrian. Ispiluekin jolastuz, baso baten gaudela irudikatu nahi izan dute.
Jarraian, Esteban Jarak eginiko Itxaropen lurrinak Oria ondoan izango da. Biodibertsitatezko uztak eta belazeak irudikatu nahi izan ditu, material ezberdinak birziklatuz.
Trontoloxa egin du Iñigo Segurolaren Lur Paisajistak taldeak. Paper fabrikak gogoan, atarietan pilatzen ziren tronkoak irudikatu nahi izan dituzte, pasiloak sortuz.
Jose Mari Arsuaga tolosarra eta Goroldiko arduradunak, Tolosako Urdinak lorategia egin du. Elementu nagusiak zazpi zuhaitz urdin dira, eta kolore urdina aukeratu du, kirolari esker, Tolosa horrela identifikatzen delako.
Basoinsako Mikel Sarriegi eta lan taldeak, Ibaiak badu esperantzarik? lorategia egin dute. Oria ibaiaren garai bateko itxura eta usaina gogoan egin dute. Lorategia paper hutsez, kolore zurian bildutako oparia da. Naturak nola erantzuten duen ikusiko da.
Eta azkena, Jakoba Errekondo eta Asier Galdosek egina da. Tolosaldea, Tolosan bildu Tolosatik zabaldu lorategia da. Tolosa eta Tolosaldeko herriak bildu nahi izan dituzte. Erdian hiria, Oria ibaia, burdina, ikatza sartuz, eta artoa eta artatxikia landatuz.
Bertaratzen diren ikusleek, baloratu egin beharko dituzte lorategiak. Eta ikusleek gehien aukeratzen duten lorategiak, bertan jarraitzea lortuko du. Informazio puntu bat ere jarriko dute sarreran, eta parte hartzaileen artean zozketa ere egingo dute.
Sei lorategi
Gaia: Tolosa
Zuhaitzen Magia. Ane Barruti eta Arantxa Iriartek egin dute.
Itxaropen lurrinak Oria ondoan. Esteban Jarak egin du.
Trontoloxa. Lur Paisajistak taldeak egin du.
Tolosako Urdinak. Jose Mari Arsuaga tolosarrak egin du.
Ibaiak badu esperantzarik? Basoinsako Mikel Sarriegik egin du.
Tolosaldea, Tolosan Bildu Tolosatik zabaldu. Jakoba Errekondo eta Asier Galdosek egin dute.