Xabi Otegiren familiaren lurretan AHTren lanak hasi dira, baina baimenik gabe

Ataria 2011ko apirilaren 5a

Otegitarren baserrira Espainiako Gobernuaren zigilua zuen gutuna iritsi zen joan den astean. Maiatzaren 10ean, berriro ere, gobernu ordezkariak Otegiarren lurretara joatekoak zirela esaten zen bertan, bi lur sailen jabetza kentzera.

Hau ordea, ez zen asteazken hartako albiste bakarra izan. Xabi Otegiren anaiak, Olarraindik Tolosara zihoala, hondeamakina bat ikusi zuen beraien sagastian, trenbidearen beste aldean. Zer gertatzen zen ikustera joan zen, behin Euskal Trenbide Sarekoek eman zioten mapa eskuan zuela. Bertan lanean ari zirenei mapa erakutsi ondoren, agerikoa onartu behar izan zuten hauek; akats bat izan zutela.

Baimenik gabe besteren lurra erabat txikitzeak, normalean ondorioak izan ohi ditu. Kasu honetan, txikitze horren arrazoia «urgentziazkoa eta interes orokorreko proiektu estrategiko» bat da, hau da, Euskal Y-a.

Xabi Otegik salaketa jarriko dutela esan du: «Gure lurretara ilegalki sartu dira, aktak altxatu aurretik. Salaketa jartzeko asmoz Udaltzaingora deitu genuen. Hauek txosten bat egingo zutela esan ziguten. Gero udaleko hirigintza sailera joan ginen, bertako teknikoek ikusten zuten oker bat egon zela, udaletxeko abokatuarekin hitz egingo zutela esan zuten. Hark esango digu zein den eman beharreko hurrengo pausoa».

Bi ikuspegi, eta ezin ulertu

Otegitarrek ehun urte inguru daramatzate etxerako sagardoa egiten. San Esteban eta Olarraingo lurrak kentzen dizkietenean, «ia sagastirik gabe» geldituko dira. Xabik dion bezala, «ez gara hortik bizi, baina balio handia dauka guratzat. Guk lurra landu egiten dugu eta ondorioz, sentitu. Beraientzat dena da neurriak, dirua eta bulegoko kontuak. Bi ikuspegi izugarri desberdin dira, eta ezin gara elkar ulertu».

Egoera «ulergaitz» hau hasi zenetik urteak pasa dira, eta denbora horretan, Otegitarren baserrira ez da Euskal Y-aren inguruko albiste onik iritsi. «AHTa hain onuragarria baldin bada denontzat, zergatik dabiltza ezkutuan eta gezurretan. Kaltetuak ez luke kaltetu sentitu beharko, alderantziz, hain proiektu interesgarria balitz, herriari ekarpen bat egiten ariko litzateke. Baina ongi dakite beraiek hori ez dela horrela», dio Xabik.

Otegitarrek komunikabideen eta Aldizkari Ofizialaren bidez jakin zuten kaltetu zirela, 2009ko neguan. Euren bi lur sail aurkitzen ziren trenaren bidean. Olarraingoa gainera, etxetik 30 metrotara.

Hasiera haiek ongi gogoratzen ditu Xabi Otegik: «Gure lurren inguruan jende arraroa ikusten hasi ginen, argazkiak ateratzen eta abar. Dirudienez, enpresa askorentzat lan hauek mauka polita dira, eta edozein momentutan etortzen ziren. Berdin zion gaua, goiza, igandea edo jai eguna izan. Txikizioaren aurka gaudenez, eurengana gerturatu eta zertan ari ziren galdetzen genien. Eurek baimena zutela esaten ziguten, eta guk paperak eskatzen genizkien. Baina beti gezurretan».

Ofizialki jaso zuten lehen idatzia, zundaketa lanen ingurukoa, ondoren etorri zen. Bertan jartzen zuena ulertzea zaila zenez, inguruko auzoetako kaltetuek elkartzea erabaki zuten. Tolosako udaletxera ordea, banan-banan deitu zituzten Euskal Tren Sarekoek. Honela kontatzen du Otegik bertan bizitakoa: «Hitz teknikoak erabiliz, gazteleraz... euren menpeko sentitzen ginen. Eta berez, alderantziz izan beharko zukeen, eurak ziren gure lurrak nahi zituztenak».

Azkenik, ez zen hitzarmenik egon, taldean ez zituztelako onartu. Ondoren, batzuk baimena eman zuten eta hauen lurretan zundaketa lanak egin ziren. Beste hainbaten kasua ez da hori ordea, eta hauen lurretan ez da inongo zundaketarik egin. Xabi Otegiren esanetan, «gure lurretan ez dutenez zundaketarik egin, ez dakite zer dagoen hor azpian».

«Inolako babesik gabe»

Bigarren fasea akten altxamenduarena izan da, hau da, lurrak kentzeari dagokiona. Diruarekin jolasten dutela salatu du Otegik: «Eusko Jaurlaritzaren eskaintza onartzeko esaten dizute, bestela Gobernuaren Ordezkaritza etorriko dela eta diru gutxiago eskainiko dizutela».

2011ko otsailean Tolosako udaletxera deitu zituzten akten altxamendua sinatzera hainbat kaltetu. Xabi Otegi bertan izan zen eta ez zuen sinatu: «Udalak urte guzti hauetan ez digu inongo laguntzarik eta informaziorik eman. Beti beste aldearen mesedetan ibili izan da. Gure eskubideez informatzeko, Anoetako eta Alegiako udaletxera joan behar izan dugu. EHNErekin ere ibili gara eta hauen bidez jakin genuen aktak gure lurrean sinatzeko eskubidea genuela».

Bildutako informazioaren arabera, desjabetzea norberak bere lurrean sina dezake, nahiz eta udaletxetik horretarako deitu. Horrez gain, xehetasunen gainean galdetzeko aukera du kaltetuak bere lurretan. Hau da, proiektua nondik nora pasako den, kalteak zein izango diren eta abar. Azkenik, norberak ez baldin badu sinatu nahi, alkatearena da azken hitza, lurjabearen sinadurarik ezean bereak balio baitu.

Otegiren lurretara duela hilabete inguru joan ziren akten altxamendua egitera: «Goizean goiz polizia ugari ikusi genituen auzoan, dena inguraturik zuten. Hasieran ez genekien zer gertatzen zen eta gero, 20 pertsona inguru azaldu ziren gure lurretara. Guk, lanak ahalik eta gehien oztopatzeko eta atzeratzeko, dena galdetu genien. Kontua ordea, zera da, denak Tolosako alkatearen zain egon ginela eta hau ez zela azaldu. Ondorioz, ekitaldia bertan behera gelditu zen».

Lehen saiakeran lortu ez zutena, bigarrengoan egiteko asmoa dute, hau da, maiatzaren 10ean.

Behin lanak hasten baldin badira, baserria kezka iturri izango dute Otegitarrek, lur sail batetik gertu aurkitzen baita. Xabiren esanetan, argi indar poste handi horietako bat jarri nahi diete etxetik 15 metrora, egun ibilbidearen erdian aurkitzen baita. «Hau ere etsigarria izan da. Legearen arabera ezin dute etxetik hain gertu horrelakorik jarri. Baina noski, proiektu hau urgentziazkoa eta interes orokorrekoa denez, beste legeen gainetik omen dago. Erabat babesik gabe sentitzen zara».

Babesik gabe sentitzen den arren, Otegi ez dago etsipenean erortzeko prest: «Horrenbeste injustizia eta gezurrek, sarraski honi aurre egiten jarraitzeko indarra ematen dizute».

Azkenik, duela gutxi irakurri duen esaldi batekin amaitu du bere salaketa kontakizuna: «Botereak ez dio inori ematen ama lurrak mendeetan sortutako aberastasuna txikitzeko eskubiderik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!