Nazional B txapelketako orain arteko bi talde indartsuenak izan genituen parez pare pasa den larunbatean, Elgoibarko Olaizaga frontoi egokituan. Concepto lider ahalguztidunak eta Laskorainek bertara hurbilduriko zaletuek poltsikoa harraskatu behar izaterainoko ikusmina piztu zuten, etxeko klubaren detaile polit bat tarteko zaletu horitxoak salbuespen izan zirelarik sarrera ordaintzerakoan. Krisi garaiotan euro guztiak aurreztu behar dira.
Ikuskizunak ez zuen hutsik egin, neurketa orokorrean erakargarria suertatu baitzen eta nahiz eta tamalez markagailuan emozioak 20 minutu besterik ez iraun, bi taldeek baleko jokoa erakutsi zuten.
Javiren mutilek lehen zati ederra osatu zuten, liderraren eraso posizionala ederki defendituaz eta presinari oraindik ederkiago erantzunaz. Honen lekuko eta ondorio, markagailuan birritan erdietsi zuten aurreratzea, 0-1 eta
1-2, Barriola eta Otxoaren golei esker, baina talde baten zorionerako eta bestearen zoritxarrerako, aldageletara binakoarekin sartu ziren.
Zalantzarik gabe hauxe izan zen larunbateko gako nagusia, min ikaragarria egin baitzion ikastolako taldeari atsedenaldira bitartean abantailari ezin eusteak. Aldagelan, tolosarrek ezin zuten ahaztu banakoa epaile kokolo baten asmakizun salagarriaren ondorio izan zela eta binakoa zorigaiztoan azken hondarrean etorri zela.
Burumakur berkantxaratu ziren beraz horitxoak eta baloia mugimenduan ipini bezain pronto antzeman ziren ondorioak. Conceptokoek ezustean partida bi minututan erabaki zuten, 5-2 aurreratuaz. Horitxoei sufrimenduzko minutu asko gelditzen zitzaizkien aurretik.
Itxuroso itzuli ziren etxera ordea, partidaren amaieran tolosarrek beraien animoa eta jokoa berreraiki baitzituzten –horrela agintzen du Usabalgo herentzia genetikoak-, eta etxekoen atezain entzutetsuaren erruz antzua izan bazen ere ahalegina, atezain jokalariarekin minutu luzez oso poliki jokatu zuten. Azkenean 7-2koa izan zen emaitza, berriro ere etxekoek azken segundoetan penaltiz sarturiko gola eta gero.
Larunbateko partidaren ondoren txapelketak txapelduna datorren jardunaldian izango duen arren, Laskorain Ikastolakoek bigarren postuan jarraitzen dute, eta ohorezko postu honi eusteko borrokan izerdia franko bota beharko dute gelditzen diren bost jardunaldietan.