Lagun eta lankide artean omenduko dute Joxantonio Ormazabal idazlea

tolosa 2011ko apirilaren 1a

Duela urte bete eskas zendu zen Joxantonio Ormazabal idazle zegamarra, eta urteurrenaren aitzakiarekin, Elkar argitaletxeak eta beste hainbat lagunek omenaldia egingo diote, bihar, Topic-en.

Arratsaldeko 17:30ean hasiko da ekitaldia, eta saio desberdinak izango dira: bertsolariak, trikitilariak, haurrak kantari... Denetik izango da. Izan ere, Ormazabalek, bere idazle lanaz gain, bazituen aparteko afizioak ere; hainbat trikitilariri idatzi zizkien abestietarako hitzak, eta haurrei zuzenduriko zenbait kanturi ere letra jarri zien.

«Lagunen artean egindako omenaldia» dela nabarmendu dute Elkar argitaletxeko arduradunek, eta bide honetan, ekitaldian idazleak eta marrazkilariak  ere izango dira; batzuk zuzenean arituko dira, eta beste hainbatek bideo grabazioen bitartez parte hartuko dute zegamarra omenduko duen festan. «Arlo guztiak nahastuko ditugu omenaldian», dio Elkar-eko arduradun batek.

Joxan Ormazabal omentzeko ideia Elkar argitaletxeko lagunen artean sortu zen, eta bertako lankideek egin dituzte antolatzaile lanak ere.

Irakasle ipuin zalea

Lanbidez irakaslea zen, eta Zarautz eta Tolosako ikastoletan aritu zen haur eta gazteekin lanean. Han, ikasleei ipuinak kontatzen zizkien, eta horrela sortu zitzaion literaturarako sena.

Haur eta gazte literaturan egin zuen lanagatik ezaguna da, eta irakurle hauei zuzendutako lanetan euskal kultura eta tradizioa oso kontuan izan zituen beti; horrela idatzi zituen, esaterako, Pernando Amezketarra eta Lazkao Txikiren inguruko liburuak, edo Joxe Miel Barandiaranek jasotako ahozko kontakizunetan oinarrituriko euskal ipuin herrikoiak. Era berean, pertsonaia mitologikoek, esaera zaharrek edo txisteek ere bere literaturaren zati handia hartu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!