Tolosako gizarte zerbitzuak «bataz bestekoaren gainetik» daude

tolosa 2011ko martxoaren 21a

Eskualdeko Nagusien Kontseiluaren berrantolaketari buruz hitz egitera etorri da, Tolosara, Maite Etxaniz, Gizarte Politikako foru diputatua.

Tolosaldeko Nagusien Kontseiluak berak eskatuta burutu dute bilera, izan ere, Gizarte Politikako departamentuak beste modu batera lan egingo du hemendik aurrera: lurraldetik eskualdeetara, eta eskualdeetatik herrietara begira jarriko dira, lekuan lekuko arazo eta beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Modu honetara, «egitura piramidala» lortuko dute, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidego osora hala bideratuta.

Bosgarren bilera honetan, besteak beste, gizarte zerbitzuen mapa nondik nora doan eta nola aldatu den aztertu dute, eta baita Nagusien Kontseiluak azken urteotan izandako «aldaketa eta aurrerapausoak» aipatu ere.

Bide honetan, eskualdeko datuei eman diete lehentasuna, eta «Tolosa bataz bestekoaren gainetik» dagoela nabarmendu du Maite Etxanizek, gizarte zerbitzuen eskaintzari dagokionez: «Alondegiko Uzturre Asistentzia Zentroan zerbitzu oso ona eskaintzen dute, eta orain osasun mentalari eskainitako atala jarri berri dute, gainera».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat da, hain zuzen ere, espezialitateak edo zerbitzu bereziak eskualdeko herrietara ere zabaltzea, «hiriburuetan soilik ez zentralizatzeko».

Tolosako bileran, guztira, 30 bat lagun bildu dira, eta ondoko eragileek hartu dute parte: Tolosako Appetol, Tolosako Iturriza elkartea, Tolosako Udala, Villabonako Udala, Tolosako Esperientzia Eskola, Irurako Jubilatu Elkartea, Tolosako Beti Gazte elkartea, Tolosako Nagusilan, Berastegiko Udala, Berastegiko Gaztañondo Elkartea, Tolosako Arizpe elkartea eta Donostiako Nagusilan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!