Tolosa-Hernialde Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean obratan dagoen zortzigarren zatia da. Auzo Txikian, Urkizurako bidean, lur mugimenduak agerikoak dira jada.
Urtarrilaren amaieran, Tolosa eta Hernialde lotuko dituen Abiadura Handiko Trenaren zatiko lanei hasiera emango zietela iragartzeko, Ernesto Gasco, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordea eta Pedro Luis Rio, Gobernu Zentralak Euskadin duen azpiordezkaria izan ziren Tolosako San Esteban auzoan. Tolosako udal ordezkariez gain, Euskal Trenbide Sareko zuzendaritza taldeko kideak eta zati honen esleipena duten eraikuntza eta zuzendaritza enpresetako ordezkariak izan ziren bertan.
Aurkezpenak aurkezpen, Auzo Txikian lanak iragan astean hasi ziren. Errepidearen ondoan aurkitzen den belaze batean kutxareen bidez aldaketak egiten ari dira, oraingoz lurra bakarrik mugitu dute. Udaletik azaldu dutenez, azpiegituraren obrak egin aurretik bizilagunentzat bidea egokitzekoak ziren.
GUTUNA: Ura, lurra eta airea
"Lurjabe expropiatu gisan, jasan behar izaten dugun zapalkuntza, bazterketa eta umilazioa dira eguneroko ogi.
Zundaketa lanetatik hasi eta hondea makinak lur biziari haginka asteraino jasan behar izan dugunak sortu digun beldurrak oraindik dardarka gauzka.
Jasaten ari gara gezurrez ahoa beteta datorren herri agintariaren labankada. Jasaten ari gara langile fin eta jatorraren plantan baimenik gabe gure lurrak lapurtzen dizkigunaren harrokeria (ezin dut aipatu gabe utzi kasu askotan eskualde honetako jendea dela eta maiz festa, taberna eta txosna berean topo eginak garela) eta nola ez, jasaten ari gara mota guztietako polizien eta epaitegien terrorea.
Lurrarekin hartu emanean bizimodua planteatu dugun gazteak zapalduak bagara, zer esan gurasoez? Urteetan beraiek landu duten lurra suntsitzen ikustea gorputza atalez atal etenka xehatzearen pareko zaie. Nola ulertarazi astakeria honen helburua gutxi batzuen poltsikoak diruz gizentzea dela?
Hori gutxi balitz, inguruan dabiltzan makina eta kamioien mugimenduaren ondorioz, maiz nork bere etxean preso egon behar izaten du nahiz eta sukaldeko su epelaren goxoa leherketen zartadek mingostu.
Kontu beldurgarri hauekin luza gaitezke baina ezin dugu etsipenean erori. Inoiz baino elkartuago eta komunikazioan egon beharra sentitzen dut geure artean. Ez dugu ahaztu behar Abiadura Handiko Trenari buruz ari garen honetan beste hainbat proiektu suntsitzaile martxan direla (erraustegia, espetxea, superportua edo geure herrian planteatu diren behar ez ditugun edozein obra) eta bertan ere desjabetuak eta zapalduak izango direla.
Honen aurrean zerbaiterako balio badizue eskua luzatzen dizuet esperientziak trukatu eta laguntza eskaintzeko asmoz. Izan ere, halako egoerak kudeatzeko ezinbestekoak dira informazioa, elkartasuna eta tinkotasuna.
Jada, jakineko gara pertsona %80ean ura dela, airea arnastu behar duela eta lurrak ematen diola bazka. Har ditzagun
oinarrizkoak ditugun hiru elementu hauek, lurra, ura eta airea eta, bakoitzak geure buruari egiteko galdera bat proposatzen dizuet: Ohartuta eta oharkabean, zer egiten diot lurrari, urari eta haizeari?
Kontraesanez beteta senti gaitezke eta ariketa gogorregia gerta dakiguke. Hala ere ez
beldurtu, gutariko bakoitzak
ariketa hori eginda, kontraesanak, zalantzak, beldurrak eta abar konpartitzeko badugu
norengana jo.
Animatzen?
Berriro ere lurra, ura eta airea ardatz hartuta, nola babestu eta zer ezin diogun egin hitz egiteko, eztabaidatzeko eta adosteko gure baserriko ateak zabalik diraute. Gonbidatuak zaudete eta irrikaz gaude etor zaitezten.
Amaitzeko, abagune hau baliatu nahi nuke elkartasun leinu guztiak bihotzez eskertzeko, ze nekez imajina dezakezue gehien behar denean aipu soil batek zer nolako piztea suposatzen duen".
Aitor Esnaola. AHTren kaltetua.