Datorren larunbatean, Zaldunita Bezperan, Tolosako Udaberri Dantza Taldeko haurrak kalejiran irtengo dira Tolosako Alde Zaharretik barrena. Azken urteotan egin duten bezala, Tolosaldeko beste haur-dantzari taldeak gonbidatu nahi izan dituzte Inauterietara, denak batera irteteko asmoz. Horrela, goizean zehar 200 haur inguru jarri nahi dituzte dantzan, giro atsegina zabalduz.
Inauterietako trajeak soinean dituztela dantzatuko dute Udaberriko haurrek Alegia, Ibarra, Anoeta, Lizartza, Irura, Asteasu eta Villabonakoekin batera. Gainera, aurten lehenengoz, Tolosako Musika Eskolako ikasle banda ere eurekin izango da Inauterietako doinu alaiak joaz.
Kalejira 11:00etan hasiko da Tolosako Trianguloa plazan eta dantzan ariko dira kalerik kale 13:00ak arte. Ondoren, Hirukide ikastetxeko Jesuitinen patiora gonbidatuko dituzte haur guztiak, hamaiketako atsegin batekin goiza amaitzeko. Udaberritik guztiak gonbidatu dituzte, «goiz zoragarri horretaz gozatzera».