Tolosa CF atletismo taldeak emaitza bikainak lortu ditu asteburuko probetan

Ataria 2011ko urtarrilaren 18a

Asteburuan atletismo proba ugari jokatu dira Gipuzkoako Txapelketaren eta Euskadiko Kros Txapelketaren barruan. Tolosa CF taldeko kirolariek emaitza bikainak lortu dituzte, domina ugari ekarri baitituzte eskualdera.

Gipuzkoako Txapelketa

Pista estaliko lehia Donostiako Belodromoan jokatu zen ostiralean eta larunbatean. 303 kirolarik hartu zuten parte bertan eta hauetatik 84 Tolosa CF taldekoak ziren. Urdinek guztira 31 domina irabazi zituzten: urrezko hamabi, zilarrezko hamaika eta brontzezko zortzi.

Junior mailan, Aitor Zabalak bi urrezko domina lortu zituen, 60 eta 200 metrotan. Denbora onak lortu zituenez gainera, Espainiako txapelketarako sailkatu zen. Oihana Pelaezek ere urrezko domina lortu zuen pisu jaurtiketan, 10 metroko distantzia gaindituz.

Jubeniletan Irune Agirrezabalak luzera jauzian urrezkoa lortu zuen, 5,27 metroko salto batekin. Hernialdeko Andrea Maderak 60 metro hesietan proba irabazi zuen. Patxi Elosegik distantzia berean, hesirik gabe baina, emaitza bera lortu zuen, 7.45 segundoko denborarekin.

Kadeteetan, guztira 20 domina lortu zituzten Tolosa CFekoek. Urrea ondorengoek eskuratu zuten: Ane Bengoak, Jon Ander Aurkiak, Julen Iruretagoienak eta Ander Lakunzak.

Euskadiko Kross Txapelketa

Arabako Araian jokatu zen proba igandean. Kadete mutiletan, Tolosa CF taldea lehen postuan gelditu zen. Nesketan berriz, taldeak brontzezko domina lortu zuen.

Junior mutiletan, Euskadiko txapeldun gelditu ziren, Unai Arroyok lortu zuen lehen postuari esker. Taldeko beste kide bat, Ander Ortiz, hirugarren gelditu zen.

Beste mailetan, taldeak osatzeko adina korrikalari irten ez zirenez, Tolosa CF-ek ez zuen parte hartu klub bezala. Hala eta guztiz ere, taldeko korrikalariak lehian aritu ziren. Horrela, jubenil mutiletan Iker Beristainek hirugarren postua lortu zuen. Nesketan aldiz, Tamara Lozano bigarren gelditu zen.

Hemendik aurrera, neguko gainontzeko txapelketak jokatuko dira. Tolosa CF taldeko arduradunek emaitza bikainekin jarraitzea espero dute, kirolarien lana txalotzearekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!