Mundu bat Tolosaldean, etorkinen "errealitatea ezagutu eta guztiok elkar ezagutzeko guneak sortzeko"

Ataria 2010eko abenduaren 9a

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasuna Sailetik, eskualdeko zenbait udal eta elkarteen laguntzarekin, Mundu bat Tolosaldean kultura arteko topaketak antolatu dituzte. Abenduan ospatzen diren bi data seinalaturen inguruan, hilaren 10ean Giza Eskubideen Eguna eta hilaren 18an Nazioarteko Etorkinen Eguna, bultzatu dute egitasmoa. Hainbat ekitaldi egingo dira Alegian, Tolosan eta Villabonan. Jokin Bildarratz Tolosako alkatea, Patxi Renobales Alegiako zinegotzia eta Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko teknikaria izan dira aurkezpenean.

"Etengabe aldatzen ari den gure eskualdean, hainbat mundu aurki ditzakegu eta era berean mundu bakarra osatzen dugu", azaldu dute. Aurtengo helburuak "azken urtetan Tolosaldera bizitzera etorri diren jatorri ezberdinetako pertsonen errealitatea ezagutu eta guztiok elkar ezagutzeko guneak eskaintzea dira". Antzerkia, zinema emanaldiak, erakusketak, elkar trukea, Mundialitoa, munduko gozoak dastatzeko aukera eta ipuin kontaketa egingo dituzte hilaren 10etik 19ra.

57 herrialde

Tolosaldea osatzen duten 28 udalerritan, 57 herrialdetako 45.149 biztanle daude erroldatuta. Tolosaldea Garatzenek emandako datuen arabera, atzerritar nazionalitatekoak 2.145 lagun dira (%47 emakumeak eta %53a gizonezkoak). Europako Batasuneko nazionalitate ugarienak Portugal eta Errumania dira eta Europako Batasunetik kanpokoak Maroko, Nikaragua, Ekuador eta Ukraina.

Azken 10 urtetan beste herrialde batzuetatik Tolosaldera bizitzera etorritako pertsonak kopuruaren igoera nabaria izan arren, Tolosaldean "atzerritar nazionalitateko pertsonen portzentajea nahiko baxua da, %4,75, EAEko %6,4arekin konparatuz eta baita Estatuko %12,2arekin alderatuz ere", azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!