Iragan larunbatetik txotxongiloen magiak hartu du Tolosa. Hainbat ikuskizun izango dira ikusgai abenduaren 5era arte herriko hainbat gunetan, bai gaztetxoei bai eta helduei zuzendurikoak. Ikuskizunez gain, beste osagarri bat ere badi Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdiak, Aranburu jauregian irekitzen duten leihoa, hain zuzen. Aurten Japonia da gonbidatua, beraz, lurralde hartako txotxongiloei eskaini diete erakusketa.
Jaialdia antolatzen duen Tolosako Ekinbide Etxetik azaltzen dutenez, aspaldian zuten Japonia Titirijaiko gonbidatu izateko nahia, eta azkenean, «negoziazio luzeak, eta zailtasun handiak» gainditu eta gero lortu dute. «Merezi izan du lurralde honetako txotxongiloak ekartzeko egin dugun esfortzua, ziur baikaude jaialdira nahiz Aranburuko erakusketara hurbiltzen direnak liluratuta geratuko direla», diote TEEko ordezkariek.
Lau talde gonbidatu dituzte jaialdira, bi antzezlan tradizionalekoak eta beste bi era garaikidearen erakusgarri direnak. Hain zuzen ere, hainbat garai eta estiloko Japoniako txotxongiloak bildu dituzte Aranburu jauregian. Horien arduradunek hiru aste behar izan dituzte, berariaz bertarako diseinaturiko erakusketa osatzeko. Ikusle oro harriduraz eta liluraz uzteko moduko lana izan da emaitza.
Bada, Titirijai jaialdia abenduaren 5ean bukatuko den arren, Japoniara Leihoa abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai, beraz, datorren astean jai egun horiek dituztenek baliatu ahalko dute beretaratzeko.
Txotxongilo tradizionaletik garaikidera bidaia
Japoniara bidaiatzera gonbidatzen du erakusketak, baina ez edozein motako bidaia, txotxongiloen historiara, hain zuzen. Hala, tradiziozkoenak diren elementuekin hasten da ibilbidea. Lehen zati horretan Japoniako berezko jantziekin apaindutako txotxongiloak begizta daitezke. Horien artean, berezienak, hiru lagunen artean maneiatzen diren bunrakuak dira.
Erakusketan aurrera egitea denboran aurrera egitea da, pertsonaia modernoagoekin egingo baitute topo bisitariek. Baita txotxongiloen erari dagokionez, hari erakoak, esaterako, agertuko baitira. Ehunka txotxongiloz osaturiko erakusketaren azken zatian, Hiru Mosketarien pertsonaiak eta euren elementuak ikus daitezke. Hain zuzen ere, Japonian telesail bat ari dira egiten pertsonaia horiek baliatuz.
Ikusleak txotxongilo guztiei buruzko informazioa jasoko duen arren, harriduraz eta liluraz utziko dituen elementu ugari gordetzen ditu Aranburu jauregiko erakusketak.