Hamargarrenez igaro du igerian Sella ibaia Carlos Peñak

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 16a

Carlos Peña igerilari tolosarrak 2 ordu eta 50 minutu behar izan zituen Asturiasko Sella ibaia jaisteko iragan larunbatean. Ohi bezala, bizkarrez igerian egin zuen erronka, Jesus Remirez kidea bidelagun zuela. Azken honekin hamar dira Peñak ibai horretan egin dituen jaitsierak. Proba "azkarra" izan zela esan zuen amaitzean; "Forma oso onean nago, izan ere, asko ari naiz entrenatzen Gipuzkoako esklerosi anizkoitza dutenen alde pentsatua dugun proiektu baterako; entrenamendu horiek asko nabaritu ditut gaurko proban". Juan Martino Ribadesella herriko zinegotziak egin zion harrera tolosarrari oroigarri eta guzti emanez.

Urte ugari daramatza Carlos Peñak gisa horretako erronkak gainditzen. Ness eta Titikaka lakua, Ebro ibaia edota Magallanesko eta Gibraltarko itsasartea gurutzatu ditu igerian, besteak beste. Erronka horiek, gainera, berak azaltzen duenez, "beti izan ohi dute giza helburu bat".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!