Udaletxeko bilkura aretoan ez zen posible izan, baina bai Lizardi Elkartean. Bertan elkartu ziren azaroaren 10ean, herenegun, Martxelo Otamendi, Joxean Agirre eta Martxelo Alvarez. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak mahai-ingurua antolatu zuen Memoria egin, justizia egin lelopean, eta Lizardi Elkartea txiki gelditu zen.
Egunkariako zuzendari ohiak «oso larritzat» jo zuen «Jokin Bildarratzen debekua». Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek berriz, eurak ere «zerbait pentsatzen» hasiak direla azaldu zuen.
Hainbat eredu, epaiketak eta egia osoa
Martxelo Otamendi tolosarrak Argentinara, Hegoafrikara eta Irlandara begiratu zuen, bertako gatazken ondorioez hitz egiteko. Bide juridikoan lanean jarraitu beharra aldarrikatu zuen, Argentinan militarrei berriki egin zaizkien epaiketak gogoratuz.
Martxelo Alvarezek bat egin zuen Otamendiren ikuspuntuarekin. «Torturatzaileak eta hiltzaileak» espetxeratzeaz hitz egin zuen frankismo garaiko biktimen aldeko elkarteko kideak.
Euskal Memoria Fundazioko kideak, Joxean Agirrek, «egia osoaren» aldarrikapena egin zuen Lizardin, «gure historia guk idatzi» behar dugula azpimarratuaz.
http://www.youtube.com/watch?v=PhWCSpp60kI
http://www.youtube.com/watch?v=NusMdC7L3s0
http://www.youtube.com/watch?v=FUCW99CSiVc
http://www.youtube.com/watch?v=7Nr3tzs2fx4