Espainiako Gorteetarako hauteskundeen testuinguruan, mitina egin du gaur EH Bilduk Tolosako Zerkausian. Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok hitz egin du lehenik, eta esan du datorren azaroaren 29ko hauteskundeak erabakigarriak izango direla maiatzeko udal eta foru hauteskundeei indar handiz heltzeko. "Herria da guretzat garrantzitsuena; herria jartzen dugu beti alderdiaren aurretik".
Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrietak hitz egin du ondoren. Politiken ardatza ezkerrera eramateko giltza EH Bildu dela esan du: "Bloke erreakzionarioa erabateko irrelebantziara eramateko bermea gara. EH Bildu indartsu bat da bloke aurrerakoiaren politikak benetan aurrerakoiak izan daitezen bermatzen duena". Tolosarrei eta eskualdeko herritarrei eskatu die itxaropenaren olatuaren parte izateko.
Arkaitz Rodriguezek ere EH Bilduren boto-papera hartu eta hauteslekuetara joateko deia luzatu die herritarrei. "Gure herriak askatasunaren ateak parez pare zabalik baldin baditu, eskubide guztiak baldin baditugu, gure aiton-amonen, gurasoen eta, oro har, bide luze honetan gure aurretik izan diren guztien konpromisoari eta borrokari zor diogu".
Tolosan egin duten ekitaldian, eskualdeko EH Bilduko hainbat ordezkari izan dira, tartean herrietako alkateak eta zinegotziak.